Collins argitaletxe britainiarrarekin batera sortu du Elhuyar fundazioak Collins Elhuyar euskara-ingelesa hiztegia. Lantaldeko koordinazio arduraduna izan da Elixabete Etxeberria (Beizama, Gipuzkoa, 1955). Elhuyar Basque-English hiztegia 2007an argitaratu zuten, eta, orain, berrargitaratze soil batetik «haratago» joan nahi izan dute hiztegi honekin.
Bazegoen hiztegi hau sortzeko beharra?
Gure ustez, bai. Batetik, euskaratik ingelesa ikasten ari diren ikasleak asko direlako, eta, bestetik, bi hizkuntza horiekin lanean ari diren profesionalak ere badaudelako. Hiztegi berri eta eguneratu bat behar dute euren lanerako, eta horregatik egin dugu.
Hortaz, zubi hizkuntzarik gabe, euskaratik ingelesa ikasteko balio duen hiztegia da.
Hori da, nahiz eta euskara ikasi nahi duten ingeles hiztunentzat ere balio duen. Makulurik gabe, euskaratik ingelesa ikastea erraztuko du hiztegi honek; frantsesaren edo gaztelaniaren bitartekaritzarik gabe. Bi hizkuntzekin lan egiten duten profesionalei ere erraztuko dizkie gauzak.
Nola sortu zen proiektua?
Elhuyarrek 2007an Basque-English hiztegia argitaratu zuen. Bost urte geroago, 2012an, lantaldearen barruan galdetu genuen ea zer egin behar genuen, eta bi aukera planteatu genituen: 2007ko hiztegiaren edizio berri bat sortzea edo beste hiztegi bat argitaratzea. Berrediziotik haratago joango zen hiztegi berri bat sortzeko aukera egokiagoa zela iruditu zitzaigun; erronka bat.
Berrargitalpenetik «haratago» joan nahi zenuten. 2007an ateratako hiztegia zaharkituta dago?
Hark bere garaia eta lekua izan zuen. Hiztegigintzan lan egiten dugunok badakigu hizkuntza etengabe aldatzen, moldatzen joaten den zerbait dela. Euskaltzaindiak arau berriak sartu ditu, eta beste batzuk moldatu. Hori horrela, hiztegia eguneratzea ezinbestekoa da.
Bi hiztegien arteko aldea handia dela esango zenuke?
Bai. Orri kopuruari dagokionez, bikoitza. Horretaz aparte, 2007ko hiztegiak oinarrizko lexikoa biltzen zuen, eta orain atera duguna osatuagoa da. Hala eta guztiz ere, 2007an ateratako hiztegia oinarritzat erabili dugu. Hiztegiko sarreren kopurua handitu dugu 2007koarekin alderatuta. Sarrera bakoitzaren informazioa eguneratzen ere saiatu gara.
Hiztegia egiteko atzerriko argitaletxe batekin lan egin duzue.
Hiztegi berri bat sortu behar genuela erabaki genuenean argi genuen hiztegigintzan guk baino eskarmentu handiagoa zeukan argitaletxe batekin lan egin nahi genuela. Hainbat enpresarekin harremanak izan genituen, eta Collins argitaletxe britainiarrari gustatu zitzaion gure proposamena. 2013an sinatu genuen batera lan egiteko hitzarmena.
Hezkuntzarako aproposa dela-eta eskolaren batekin harremanetan jarri zarete zuen produktua aurkezteko?
Bide hori jorratzea gure asmoetariko bat da. Oraingoz Elkar argitaletxearekin eta beste zenbaitekin harremanak izan ditugu, baina oraindik ez dugu aukerarik izan inolako hitzarmenik edo akordiorik sinatzeko.
Lantaldearen koordinazioaren arduraduna izan zara. Zein dira topatu dituzuen zailtasunak?
Bi hizkuntza harremanetan jartzen direnean sortzen diren zailtasunak; esapide batzuk nola itzuli beste hizkuntzara, eta abar. Gainera, kontuan hartu behar da bi hizkuntza hauek ez daudela maila berean, ingelesak askoz ere esperientzia zabalagoa baitu. Tradizio luzeagoa duen hizkuntza baten eta beste baten artean sor daitezkeen zailtasunak sortu zaizkigu. Hala ere, ez dugu izan nabarmentzea merezi duen zailtasunik.
Hiztegia ezagutarazteko lana duzue orain.
Komunikabideen eta publizitatearen bitartez zabalduko dugu, beste mota batzuetako bideak ahaztu gabe, noski.
Elixabete Etxeberria
"Makulurik gabe, euskaratik ingelesa ikastea erraztuko du"
Collins Elhuyar ingelesa-euskara hiztegiaren «beharra» azpimarratu du Collins Elhuyar hiztegiko lantaldeko kideak. Ikasleek ingelesa zubi hizkuntzen beharrik gabe ikasteko erraztasuna ematea da xede nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu