Hunkigarria. Halakoxea izan zen atzo, EspainiakoII. Errepublikaren 81. urteurrenean, Nafarroako frankismoaren biktimei Iruñeko Gaztelugibelean egin zieten omenaldia. Gogoan izan zituzten toki horretan fusilatu zituzten 298 iruindarrak, San Kristobalgo gotorlekuko espetxeko ihesaldiko hamalau presoak eta Nafarroan desagertutako 3.452 lagunak.NafarroakoFusilatuen Senitartekoen Elkarteak antolatutako ekitaldira 500 lagun inguru bildu zen. Fusilatuen senideen eta lagunen malkoak euri tantekin nahastu ziren.
Hainbat alderditako ordezkariek ere parte hartu zuen omenaldian: Nafarroako diputatu Uxue Barkosek (Geroa Bai) eta Sabino Cuadrak (Amaiur); Bilduko parlamentari Koldo Amezketak eta Ezkerrako Jose Miguel Nuinek; Nafarroa Baiko parlamentari Manu Aierdik;eta Txelui Moreno ezker abertzaleko ordezkariak, besteak beste.
Senitartekoak izan ziren omenaldiko ardatz, eta, haiek irakurri zituzten gutunen bidez, fusilatuak ere bai. Ekitaldian Iruñeko Udalak 1936an Gaztelugibeleanfusilatu zituzten 298 lagunen oroimenez jarritako plaka ere inauguratu zuten.
«Memoria berreskuratzekoematen ari diren pausoetan beste mugarri bat da», adierazi zuen Koldo Plak, Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteko ordezkariak. Oroigarriaren garrantzia azpimarratu zuen, UPNk agintzen duen udalak, «azkenean», batzarrak eskatutakoa bete duelako.
Frankismoko krimenak ikertzeagatik Baltasar Garzon epaileari prebarikazioa leporatu izanasalatu zuen Olga Alzegak, Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteko presidenteak, eta Espainiako Justiziaren jokabidea kritikatu zuen. «Demokraziaren mozorroa kendu eta justizia ez dela guztiontzat berdina frogatu da aurten».
Dena dela, epaiketan frankismoan hildakoen hainbat senidek deklaratzeko izan zuten aukera txalotu zuen. «Argi eta garbi esan nuen Nafarroan ez zela borrokarik izan, eta 3.452 nafar era sistematikoan desagerrarazi zituztela. Horri gizateriaren kontrako krimena eta genozidioa deitzen zaio». Espainiako Auzitegi Gorenari biktimen inguruan hasitako ikerketa «lurperatzea» egotzi zion. Horregatik, frankismoaren biktimentzat justizia eskatu zuen. «Biktimen onarpena eta justizia lortzeko lanean jarraituko dugu. Indarrak ditugun bitartean, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordera joko dugu, eta Estrasburgoko epaitegira».
Ekitaldian fusilatuen senideak ere mintzatu ziren, tartean Goio Sanpedro eta Jacqueline Urla.Sanpedroren aita, Jose,26 urterekin fusilatu zuten. Aita ez zuela ezagutu eta amak, 98 urterekin, oraindik negarrez jarraitzen duela esan zuen. «Dena kendu ziguten. Memoria mantentzen jarraituko dugu. Gertatutakoa inork ahatz ez dezan, justizia eskatzen dugu, eta etorkizunean ere horieskatzen jarraituko dugu».
Jacqueline Urla ere mintzatu zen. Amadeo Urla Bardean fusilatutako Iruñeko zinegotzi izandakoaren biloba da, eta Ameriketako Estatu Batuetatik etorri da. «Harro» hitz egin zuen aitonaz. «Aitonak ez zuen ez epaiketarik, ez abokaturik, ez epairik izan. Besterik gabe akabatu zuten». Elkarteak egiten duen lana gainontzeko munduarentzat «eredugarri» dela ere azpimarratu zuen.Oroitarrian fusilatuen omenez senideek utzitako loresortekin eta gazte batek dantzatutako aurreskuarekin bukatu zen ekitaldia. Ez zen faltatu ere errepublikaren aldeko oihua.
Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak epaitegietan salaketa jarriko dutela ere iragarri zuen ekitaldian. Arrazoia: 1936ko abuztuaren 23an Bardeako Valcaldera eremuan fusilatu zituzten 53 lagunen gorpuzkien desagerpena. Elkarteak dio gertaera ezin dela 1977ko Amnistiaren Legean babestu. Lekuko batek Erorien Haranera eraman zituztela argitu zien. Hori 1959an izan zen, baina gorpuzki haiek 1980an Nafarroara itzuli zituztela esan diete. Iruñeko hilerrian, ordea, ez dago horren berririk. Beste herri batzuetan hilerrietan lurperatu baziren ere, Iruñeko 53 fusilatuak non lurperatu zituzten adierazten duen agiririk ez dute aurkitu. Elkartearen ustez, Espainiako Gobernuak erantzukizuna du gorpuzkien babes katean, eta senideen baimenik eta ezagutzarik gabe egin izana salatu zuen Alzegak.
Herri askotan egin ziren Espainiako II. Errepublika gogoratzeko ekitaldiak. Sestaon (Bizkaia), adibidez, Errepresaliatuak elkarteak eta udalak antolatuta, omenaldia egin zieten 1936ko gerran ibilitakoei, fusilatuei eta 1931ko udal errepublikanoko kideei. Udaletxeko balkoian errepublikako bandera jarri zuten, eta plaka bat jarri zuten. Donostiako udal gobernuak udaletxeko balkoietako bateanjarri zuen errepublikako bandera. PPko zinegotziRamon Gomezek «legea ez betetzea, eta hiriaren izen onarikalte egitea» leporatu zion Juan Carlos Izagirre alkateari. Andoainen eta Irunen ere (Gipuzkoa) izan ziren ekitaldiak;PSE-EEk eta Ezker Anitzak ere ospatu zuten atzoko eguna, Eibarren.
Gaur ere bai
Ahaztuak 1936-1977 Elkarteak gaur egingo du Espainiako II. Errepublika gogoratzeko ekitaldia. Eibarren izango da. «Errepublika hark askatasun handia zekarren: politikoki, ekonomikoki, sozialki, kulturalki...». Errepublika haren aurkaizandako estatu kolpea salatu, eta frankismoak eragindako biktimak gogoan izango dituzte. 13:00etan, errepublikako bandera igoko dute Untzaga plazan. 18:00etan, kontzertu bat izango da Portalean.
Malkoak euri tantekin nahasteraino
Espainiako II. Errepublika gogoratzeko eta frankismoko biktimak omentzeko ekitaldiak egiten ari dira asteburuan hainbat lekutan. Justizia eta onarpena eskatu dute senideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu