Gaur hasi dira Espainiako Auzitegi Nazionalean Manex Castro eta Iraitz Santa Cruz epaitzen, 2008ko abenduan Azpeitian (Gipuzkoa) Inaxio Uria hiltzea egotzita. Fiskaltzak 59 urteko espetxe zigorra eskatu du Castrorentzat; Uriaren hilketaz gain, "talde terroristako kide" izatea ere leporatzen diote.
Santa Cruzentzat, ordea, hamar urteko zigorra eskatu du Fiskaltzak, ETAri laguntzea egotzita. Fiskaltzaren esanetan, ETAk "jauzi kualitatiboa" egin nahi zuen 2008. urtean abiadura handiko trenaren aurka abiatutako erasoaldiaren baitan, eta, ondorioz, Uria hiltzea erabaki zuen, enpresaburua "azpiegitura horrekin lotuta baitzegoen".
Ministerio Publikoak akusatuek kalte-ordainak ematea ere eskatu du; 160.000 eurorenak Uriaren alargunarentzat, eta 240.000 eurorenak seme-alabentzat.
2008ko abenduaren 3an hil zuten Uria, tiroz. AHTa eraikitzeko lanetan ari den Altuna y Uria enpresako burua zen.