Uztailaren 7rako manifestazio batera deitu du Euskal Herria Bilduk, Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatuari babesa adierazi eta foru aldundiak hondakinen alorrean ezarri nahi dituen neurriak babesteko. Donostiako Bulebarretik abiatuko da protesta, 17:30ean, Birziklatzeari zentsurarik ez; Gipuzkoa aldatzen ari gara lelopean. Gaur zortzirako antolatu dute mobilizazioa; hain zuzen ere, Batzar Nagusietan Alduntzinen kontrako zentsura mozioaren gainean eztabaidatu eta biharamunerako.
Koalizioak agerraldi bat egin zuen atzo Donostian, zentsura mozioaren inguruko interpretazio bat egin eta manifestazio deialdiaren berri emateko. Idoia Aiastui ezker abertzaleko kideak «neurriz kanpokoa» iritzi dio zentsura mozioari: «Horrelako mozioak lapurretak egiten dituzten politikarientzat pentsatuta daude». Haren esanetan, aurretik ere izan dira horrelako ekinaldiak merezi izan dituzten kasuak —Bidegiren kudeaketa aipatu du adibide modura—, baina gaineratu du horietan EAJk, PSE-EEk eta PPk ez zutela izan zentsura mozio bat aurkezteko «beharrik».
Hiru alderdiek zentsura mozioa aurkeztu zen arte eginiko bidea oroitarazi du Aiastuik. «Oposizioak zioen Gipuzkoa geldirik zegoela, eta diputazioa ez zela gaiarazoei konponbidea aurkitzeko». Diputazioak hondakinak kudeatzeko plan bat aurkeztu duenean, ordea, «urduritasunak eta kontraesanak» sortu dira EAJn, PSE-EEn eta PPn, Aiastuiren ustez. Hondakinen kudeaketaren inguruan «zirku mediatiko bat» sortzea egotzi die hiru alderdiei; halaber, nabarmendu du foru aldundiaren proposamena aurrekoa baino 200 milioi euro merkeagoa dela eta, gainera, Europako Batasuneko ebazpen batzuetan oinarrituta dagoela —«hondakinak birziklatzea eta ez erretzea»—.
EAJren jarrera, «kezkagarria»
Aiastuik «bereziki kezkagarritzat» jo du EAJren jokabidea. Gogorarazi du Batu gaitezen izan zela alderdi horren leloa iazko udal eta foru hauteskundeetarako kanpainan: «Urtebete geroago, ordea, badakigu zein den haien lehentasuna: iraganeko statu quo-ari eustea». EH Bilduk EAJri leporatu dio «herri honen hitza behin eta berriz ukatzen dutenekin» batzea, erabakitzeko eskubidearen alde gehiengoak osatu beharrean. Alderdi hori «PPren eta PSE-EEren eskutik» doala salatu du koalizioak, baina ez soilik hondakinen kudeaketari buruzko eztabaidan: «Ikusi ere egin ez duten euskal presoei buruzko film bat [Barrura begiratzeko leihoak] zentsuratu dute Donostiako Udalean».
Manifestazio bat egingo du EH Bilduk, birziklatzearen aldeko politikak babesteko
Gaur zortzi izango da martxa, Alduntzinen aurkako zentsura mozioaz eztabaidatu eta biharamunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu