Manifestazio bat egingo dute Bilbon «Euskal Herriko nortasun ikurren alde»

«Espainolismoaren inposizioei» aurre egin nahi diete deitzaileek abuztuaren 26ko mobilizazioarekin

gotzon hermosilla
Bilbo
2011ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Bilboko zenbait herritarrek manifestazio bat antolatu dute, «Euskal Herria existitzen ez dela irudikatzeko Madrildik eta Paristik abiatzen dituzten ekimen eta erasoen kontra» protesta egin eta aldaketa politikoaren alde egiteko asmoz. Manifestazioak Nazio bat gara, inposiziorik ez izango du goiburua, eta Bilboko Jesusen Bihotza plazatik abiatuko da, abuztuaren 26an, eguerdian.

Antolatzaileen izenean, Irkus Robles artistak eta Larraitz Cisneros Aste Nagusiko txupinera izandakoak Euskal Herrian sortzen ari den egoera politiko berria aipatu dute, eta, testuinguru horretan, «eskubideen urraketak eta euskal kulturari, hizkuntzari zein nazio izaerari muzin egiten dioten ekimen zein ikurren inposizioak inoiz baino lekuz kanpoago» daudela adierazi dute.

Inposizio horien adibide gisa aipatu dituzte euskararen kontrako erasoak, «jai eredu parte hartzaile eta euskaldunari» egindakoak edo Espainiako kirol ekitaldiak Euskal Herrian antolatzeko saioak.

«Oker dabiltza espainoltzea normalizazioarekin nahasten dutenek», gaineratu dute, «normalizazioa eskubideen onarpenetik etorriko delako».

Kaskagorriren ekitaldiak

Beste aldetik, Kaskagorri konpartsak Bilboko Aste Nagusian antolaturiko zenbait ekitaldi debekatzeko eskatu dio DJ Dignidad y Justicia elkarteak Espainiako Auzitegi Nazionalari. Zehazki, abuztuaren 25ean antolatutako bazkaria eta gaueko topa debekatu nahi ditu DJk. Hurrengo egunean presoen senitartekoekin egitekoa den bazkaria ere galarazteko eskatu du elkarteak.

2009an, bi urtez txosna jartzeko debekua ezarri zien Bilboko Udalak Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsei, ustez euskal presoen argazkiak erakusteagatik. Zigor horren ondorioz aurten ere txosnarik jarriko ez duten arren, bi konpartsok segitzen dute Aste Nagusian normal parte hartzen, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte gainerako konpartsekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.