Daniel Dergi euskal preso ohiaren atxiloketa ez da prozedura juridikoa, baizik eta «kronika politiko batean kokatua den gertaera bat», AB, Batasuna eta EA alderdien ustez. Hori dela eta, Dergiri eta haren senideei elkartasuna adierazteko, eta Euskal Herrikogatazka politikoari aterabide politiko bat aldarrikatzeko, manifestazio batera deitu dute ezkerreko hiru alderdi abertzaleek, uztailaren 16rako. Aterabide politikoa orain, Euskal Herriaren ezagupena. Presoen eskubide politikoa errespetatu eta errepresioaren gelditzea leloarekin abiatuko da Baionako Euskaldunen plazatik, 17:00etan.
Atxiloketa «testuinguru politiko jakin batean» kokatzen dela azaldu zuten atzo prentsaurreko baten bidez, Peio Etxeberri-Aintxart eta Jean-Marc Abadie ABkoek, Xabi Larralde eta Jean-François Lefort Lof Batasunekoek eta EAko Mattin Etxeparek. Batetik, Aurore Martinen Espainiaratzearen aurkako mobilizazio azkarrari eta Batasuneko kidearen Espainiaratzearen «porrotari» Frantziak zein Espainiak «erantzun errepresibo ezin pentsatua» eman dutela salatu zuten. Bestetik, Euskal Herriak xede duen prozesu demokratikoari begira, Espainiak gatazkaren konponbidearen alde urratsik egin nahi ez duela gaitzetsi zuten.
Euroaginduaren aurkako mobilizazioari begira, «mendeku» nahia badela uste dute, Frantziako Estatuak «absolutuki» Ipar Euskal Herriko militante baten Espainiaratzearen «argazkia» eman nahi duelako. Euroaginduaren bidez, bertze «tresna errepresibo baten sortzeko egiazko borondate politikoa» badela uste dute.
Frantzia, gatazkan eragile
Dergiri gertatutakoa Frantziaren partetik keinu «oso ezkorra» dela adierazi zuen Larraldek. Izan ere, atxiloketa horrekin, Martinen Espainiaratzea onartuz, 150 euskal preso bere kartzeletan atxikiz edota Ipar Euskal Herriari inolako ezagupen instituzionalik ez emanez, Frantzia gatazkaren «funtsezko eragiletzat» jo, eta haren «arduren aitzinean ezarri» zuten. «Ez da aterabide behin betikorik izanen Euskal Herriko gatazkan Frantziako Estatuaren partetik ez bada parte hartze zuzen eta zehatzik», azaldu zuten.
Bere jarrera «lehenbailehen» aldatzeko exijitu zioten, hau da, lehen pauso gisa, errepresio politikoa gelditzeko, euskal presoentzat aterabide bat lortzeko eta Ipar Euskal Herriaren ezagupena emateko exijitu zuten.
Dergiren atxiloketa «probokaziotzat» jo zuten, eta oroitarazi zuten 12 urteko kartzela zigorra bete zuela 2008. urtea arte, eta garaian Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bozeramailea izan zela.
Dergi, Agengo presondegian
Atzo kartzelatu zuten Dergi, Agen hiriko presondegian, Frantzian, arratsaldean prokuradorearen eta Askatasunen epailearen aitzinean pasatu ondotik. Astearte goizean aztertuko dute haren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatu euroagindua, Agengo auzitegian.
Herenegun goizean, lanera zihoala atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Cahorsen (Frantzia), euroagindu baten harira. Euskal Herrian eta beste hainbat departamendutan bizitzea debekatua zitzaionez, han bizi zen azken urteetan.
Manifestazio batekin erantzungo diote Dergiren atxiloketari, Baionan
ABk, Batasunak eta EAk deituta, errepresioa bukatzeko eta irtenbide politikoa exijituko dute uztailaren 16an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu