Manifestazio jendetsua egin dute Errenterian, Iztietako osasun etxearen egoera salatzeko

Pentsionisten Duintasuna elkarteak, mugimendu feministak eta auzo elkarteek deituta egin dute protesta. Egoera hobetu arte kalera irteten jarraituko dutela esan dute.

(ID_17069775033475) OSAKIDETZA - ERRENTERIA - IZTIETA - OSASUN ETXEA
Manifestazioa egin dute Errenterian, Iztieta auzoko osasun etxearen egoera salatzeko. OARSOALDEKO HITZA
arantxa elizegi egilegor
2024ko otsailaren 3a
18:00
Entzun

Abenduaren 16an egin zuten lehen manifestazioa, eta lanean jarraitu dute geroztik. Orotara, 10.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte Errenteria erdialdean (Gipuzkoa) dagoen Iztietako osasun etxearen egoera salatzeko, eta gaur milaka lagunek egin dute bat aldarrikapenarekin. Pentsionisten Duintasuna elkarteak, herriko mugimendu feministak eta auzo elkarteek antolatu dute protesta, herriko osasun etxearen eta lehen arretaren egoera salatzeko. «Zentzugabekeria honen erantzuleek izen-abizenak dituzte: Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta [Osasun sailburu Gotzone] Sagardui, [Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo] Urkullu eta abar. Egoera honetara eraman gaitu aurreikuspenik ezak, osasun sistema murriztu baten menpe utziz», salatu dute antolatzaileek martxa hasi aurretik irakurritako komunikatuan.

Iztietako osasun zentroa etengabeko arretako gune bat da, hots, iluntzeetan eta asteburuetan larrialdi zerbitzua ematen die inguruko herriei ere. Orotara 71.300 herritar ingururentzako arta eskaintzen du osasun etxeak, baina gabeziak salatu dituzte erabiltzaileek: besteak beste, medikurik ez egotea iluntzeetan eta asteburuetan. Aizpea Otaegi alkateak berak gutun publiko bat igorri zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailera, egoera salatuz, eta bilera bat eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduiri. Urtarrilaren 9an egin zuen urratsa, baina erantzunaren zain jarraitzen dute herritarrek.

Manifestazioaren antolatzaileek irakurritako oharrean eurekin bat egiteko deia egin diete Osakidetzako langileei, «Osakidetzan orokorrean eta zehazki Iztietako osasun etxean gertatzen ari den zentzugabekeria gelditzeko» eskatu diete, haien esanetan ez baita «inolaz ere onargarria» gertatzen ari dena. Aldi berean, ohartarazi dute egoerak handitu egiten duela «herritarren arteko arrakala», dirua duenak osasun zerbitzu pribatuetara jotzen duelako, eta halakorik egin ezin duenak «osasun sistema murriztura jo» beste aukerarik ez duelako.

Fase bat amaituta

Abenduan hasitako mobilizazioen lehen fasea amaitutzat jo dute antolatzaileek, baina iragarri dute ez dutela «etsiko» eta borrokan jarraituko dutela egoera bere onera itzuli arte. «Osasun publikoko langileek, eta oro har Errenteriako herrikideek, elkarrekin borroka egin behar dugu Osakidetzan eta bereziki Iztietako anbulatorioan, gure herriko oinarrizko arretan, geratzen ari den zentzugabekeria honi buelta emateko».

Antolatzaileek adierazi dute osasunaren kudeaketa ez dela «negozio bat», eta denek dutela kalitatezko osasun sistema bat izateko eskubidea. Ez dute itxaropena galdu. Ez da lehen aldia Errenteriako herritarrak kalera irteten direla antzeko egoera bati aurre egiteko. Iaz, Beraun auzoan dagoen osasun etxearen egoera hobetze aldera mobilizatu ziren, eta, udalaren babesarekin, lortu zuten Jaurlaritzak urratsa egitea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.