Manifestazioa iragarri dute urriaren 2rako, debekuen aurka eta eskubideen alde

Bilboko Aita Donostia plazatik abiatuko da protesta, 17:00etan, eskubideen aldeko manifestazioak debekatu izana salatzeko. Ez dela debekatutakoen segida eta debekuek eragindako kezkek mugiarazi dituztela diote

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2010eko irailaren 23a
00:00
Entzun
«Berriki jazo diren manifestazioen debekuengatik kezkatuta gauden pertsona talde bat gara». Horrela aurkeztu du Maixux Rekaldek manifestazioen debekuen aurka protesta egin eta giza eskubideak, eskubide zibilak eta politikoak aldarrikatzeko manifestaziorako deialdia egiteko hedabideen aurrean agertu diren pertsona ezagunen multzoa.Hain zuzen, «kezka» horregatik mobilizazioa egitea erabaki, eta urriaren 2an, larunbatarekin, Bilbora joateko deia egin du bertaratutakoen izenean.

Ez manifestazioen debekuari. Ez inongo inposiziorik, ez inongo indarkeriarik. Bai giza eskubideei, eskubide zibilei eta politikoei izango da protestaren leloa, Rekaldek azaldu duenez. Urriaren 2an, arratsaldeko bostetan, abiatuko da Bilboko Aita Donostia plazatik, eta Bilboko udaletxearen aurrean amaituko da. «Herritar guzti-guztiei» egin die bertan parte hartzeko deia, bakoitzaren pentsaera politikoa edo ideologia dena dela ere.

11 aurpegi, hamaika arlo

Maila pertsonalean egin dute mobilizatzeko deia 11 deitzaileek, nahiz eta duten jardunagatik ezagunak diren guztiak. Maixux Rekalde Elkarriko sortzaileetariko bat da, bertako presidente ere izan zen, eta, gaur egun, Lokarriko kidea da. Lokarriko koordinatzaile Paul Rios ere agertu da hedabideen aurrean manifestaziorako deia egiteko. Pedro Ibarra eta Ramon Zallo EHUko katedradunak dira antolatzaileetako beste bi. Elizaren inguruko bi kide ere badaude taldean: Natxo Isuskiza apaiza eta Jose Luis Longarte Pastoral Obrerako kidea. Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanoa izana den Gabriel Mariscalek ere egin du manifestaziorako dei publikoa, baita Felix Cañada abokatuak ere. Horien alboan izan da Carmen Moreno, gizarte eragileetako kidea. Emakume taldeetan eta sindikalgintzan aritua da batik bat.

Atzoko agerraldian parte hartu ez zuten arren, beste bi lagunek osatzen dute deialdia egin dutenen taldea: Txaro Arteaga Emakundeko zuzendari ohiak, eta Alfonso Dubois EHUko irakasleak.

Riosek azaldu duenez, atzo iragarritakoa ez da irailaren 11n egitekoak ziren manifestazioaren jarraipena. Giza eskubideen eta eskubide zibil eta politikoen aldeko manifestazioa antolatu zuen Adierazi EH herri ekimenak larunbat hartarako lehenik, eta, Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu ondoren, egun bererako beste protesta bat antolatu zuten politikari ezagun batzuek, Sabin Intxaurraga Justizia sailburu ohia buru zela. Hori ere debekatu zuen Auzitegi Nazionalak. ETAren aginduetara aritzea eta Batasunaren ordezko izatea egotzi zien lehen antolatzaileei, eta horiei leku egin nahian legeari iruzur egitea bigarrenei.

«Ez da aurrekoen jarraipena»

Riosen esanetan, «beste manifestazio bat» da atzo iragarri zutena; «aurrekoak debekatu izanagatik protesta egin nahi dugu, eta eskubideak aldarrikatu». Hortaz, deialdi berriak auzitegien debekua jasotzeko aukera baztertu zuen. «Hemen gauden guztiok indarrean ditugu gure eskubideak». Areago, hala egiteak sortuko lukeen injustizia egoeraz ohartarazi zuen: «Orain eskubideen aldeko edozein manifestazio lege iruzurtzat joko da ala?».

Horixe nabarmendu zuen Zallok ere: «Eskubideen aldeko manifestazioak debekatu izanagatik minduta gauden herritar talde bat gara. Hau ez da aurrekoen jarraipena». Eta zorrotz mintzatu zen debekuaren aukeraren inguruan: «Kasu honetan ere eskubide zibil eta politikoak ukatzen badituzte, salbuespen egoera etengabe batean murgilduta egongo gara, eta, beraz, estatu autoritario batean. Ez garela horretara iritsiko espero dugu, zeren, bestela, Zuzenbide Estatua hautsita geratuko baita».

Debekua ez litzatekeela eskubideekin bateragarria adierazi du Longartek ere: «Guk eskubideak ditugu!». Eta sortzen ari den egoeraren aurka mobilizatu beharraz ohartarazi du: «Ukapenaren beldurrean geratzen bagara, urraketen aurrean guztiok etxean geratzea besterik ez dugu egingo».

Cañadaren ustez, aurreko manifestazioak debekatuta hainbat eskubide urratu dira, eta ezin da bide horretan aurrera egin; egoera irauli beharra dago, areago «egungo une garrantzitsu honetan». Haren esanetan, eskubideen aldeko protestak debekatzea eta herritarren eskubideak urratzea «ez da bidea». Azaldu duenez, «eskubide guztiak errespetatuko diren beste egoera batetara joan behar da». Halaber, epaileen lana eskubideak bermatzea dela nabarmendu du, debekuen larritasunaz ohartarazteko.

«Erreakzionatu beharra»

Gauzak horrela, eta eskubideen urraketak gero eta hedatuago daudela sinetsita, herritarrek «erreakzionatu» egin behar dutela dio. «Gu, deialdi hau eginda, erreakzionatzen ari gara».

Euskal herritarrei ere horixe egiteko eskatu diete protestaren antolatzaileek: «Euskal gizarteari dei egiten diogu, joera ideologikoetatik edo iritzi politikoetatik harago, herritar guztioi dagozkigun eskubide guztien aldeko manifestazio honetan parte hartzera».

Halaber, deialdia publiko egin ondoren antolatzaileak alderdi politiko guztiekin, sindikatuekin eta gizarte eragileekin harremanetan jarriko direla jakinarazi dute, «mobilizazioaren helburua helarazi eta haien atxikimendua lortzeko». Eta babes handia espero dute, gainera.



Deitzaileak

Paul Rios

Ramon Zallo

Pedro Ibarra

Maixux Rekalde

Felix Cañada

Natxo Isuskiza

Jose Luis Longarte

Gabriel Mariscal

Carmen Moreno

Alfonso Dubois

Txaro Arteaga





Guztiak joan dira baimena eskatzera, «badaezpada»

Deitzaile guztien izenean, goizean egin zuen manifestaziorako baimen eskaera Paul Riosek, Ertzaintzaren polizia etxera faxa igorrita. Baimena hala eskatzea aski da. Ez da tramite gehiago egin behar. Baina antolatzaileek ziurtatu egin nahi zuten eskakizuna behar bezala iritsi zela, ondoren «ustekaberik» ez izateko. Eguerdian agerraldia egin ondoren, deitzaile guztiak joan ziren ertzain etxera eskaera eskura eramatera, Riosen hitzetan, «badaezpada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.