Hezkuntza erreformatzeko LOMCE legea etzi onartuko du Espainiako Kongresuak, behin betiko. PP bakar-bakarrik geratu da legearekin, baina aurrera egingo duela ziurra da, gehiengo osoa baitauka. Legea onartuko dela ziur jakinda, protestara deitu dute hezkuntzako eragile batzuek. Tartean daude ELA, LAB, EILAS, Ikastolen Elkartea, Sortzen Ikasbatuaz, NIZE, Hik Hasi, Ikasle Abertzaleak eta UEU Udako Euskal Unibertsitatea. EHIGE gurasoen elkarteak, ohar baten bidez, bat egin du deialdiekin, eta parte hartzera deitu du.
Aurrez ere antolatu dituzte protesta batzuk lelo gisara Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCEri ez! Inposaketarik ez! hartuta. Aldarri hori bera agertuko dute etzi ere, Hegoaldeko hiriburuetan. Honakoak dira deialdiak: 18:00etan Iruñean (Geltoki zaharrean) eta Gasteizen (Bilbo plazan), eta 18:30ean Donostian (Bulebarrean) eta Bilbon (Plaza Biribilean). Goizean, eskoletan, mobilizazio gehiago egingo dituzte.
"Konpromisoak hartzeko garaia" iritsi dela ohartarazi dute deitzaileek. BIhar, hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarrean osoko bilkura egingo dute, gai bakar gisa LOMCE legea hartuta. Batzar hori aprobetxatzeko eskatu diete talde politikoei, "beharrezko urratsak" egiteko. Elkarretaratzera deitu dute parlamentu atarian, 11:30erako.
Taldeak hasi dira zer proposamen egingo dituzten iragartzen. EH Bilduk lantalde bat eratzea nahi du. Eusko Jaurlaritzak, berriz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jotzeko asmoa du. Hori ez dute gaizki ikusi protesten deitzaileek, baina "erantzun irmoagoa" eskatu dute.