Manifestaziora deitu dute AHTaren aurka
Ezker abertzalearen eta Aralarren ustez, herritarrak mobilizatzea beharrezkoa da tren lasterra gelditzeko
AHT abiadura handiko trenaren aurka larunbatean Iruñean egingo den manifestaziora deitu dituzte herritarrak ezker abertzaleak eta Aralarrek. Ezker abertzalearen arabera, UPN eta PSN ez dira «trebeak» Nafarroaren ondasun publikoak kudeatzen: «Tren lasterra egiteko, dirua kentzen digute, eta osasun arloan eta hezkuntzan, berriz, murrizketak egiten dizkigute». Ezker abertzaleak uste du herritarren mobilizazioa beharrezkoa dela AHTaren «astakeria» gelditzeko. Aralarren iritzian, AHTa egitea «larriagoa» da orain, krisi garaian. Hori dela eta, AHTaren hitzarmenak bertan behera uzteko eskatuko dio Txentxo Jimenez Aralarreko kideak Nafarroako Gobernuari, NaBairen izenean. Manifestazioa larunbatean aterako da, 18:00etan, Gazteluko plazatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu