Espainiako Auzitegi Nazionalak Nafarroako hainbat foru legeren kontra hartu dituen neurriak salatzeko manifestazioa deitu dute, martxoaren 18rako, Iruñean. Foruen monumentutik abiatuko da, 13:00etan. Hainbat sindikatu, alderdi politiko eta gizarte eragilek onartezin jo dute Nafarroako Parlamentuan adostu eta onartu diren legeak Konstituzionalak indargabetu izana.
Mobilizaziora deitu dute ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT, Solidari eta EHNE sindikatuek; Geroa Bai, EH Bildu eta Ahal Dugu alderdi politikoek, eta Gure Esku Dago, Martes al Sol, Osasunaren Aldeko Nafarroako Plataforma, Parlamentu Soziala, SOS Arrazakeria Nafarroa, Munduko Medikuak, Paperak Denontzat eta Sasoia gizarte eragileek.
Deitzaileek salatu dute Konstituzionalak berriki indargabetu duela osasun arreta unibertsala bermatzeko legea. "Nafarroako Parlamentuak onartu dituen lege sail bateko azkena izan da". Aurretik, besteren artean, botiken berrordainketaren zama arintzeko legea ere indargabetu zuela gogorarazi dute.
Elkarte deitzaileen esanetan, Konstituzionalaren erabaki horiek atzerapauso hirukoitza dira. Batetik, eskubide sozialak murrizten dituztela iritzi diotelako; bestetik, Nafarroaren autogobernua eta erabakitze ahalmena kaltetzen dutela ulertzen dutelako, eta, azkenik, "politikaren judizializazioa demokrazia eteten ari delako".