Gaztetxeak

Maravillas gaztetxearen aldeko manifestazioa egingo dute hilaren 25ean

Gaztetxeko kideek nabarmendu dute elkarrizketak hasteko “ezinbestekoa” izanen dela Nafarroako Gobernuak "gaztetxea husteko mehatxua erretiratzea". 

jarraia155584.jpg
Uxue Rey Gorraiz.
2018ko abuztuaren 14a
09:44
Entzun

Gaztetxeko kideek azaldu dute beren espazioa defendatzen jarraituko dutela, eta gogor erantzun diete Maria Solanaren atzoko adierazpenei. Haien ustez, gobernua "difamatzen" ari da, eta eurei dagokie gauzak aldatzea: "Eman dezatela beraiek lehen pausoa". Hala, ohartarazi dute, salaketak eta husteko agindua ken ezean, ezinezkoa dela elkarrizketarik hastea.

Manifestaziora deitu dute kideek abuztuaren 25erako, eta orain arte prozesuan laguntza eskaini dietenei eskerrak eman dizkiete, Nabarrerian egindako prentsaurrekoan. Azaldu dute, gainera, Maravillas gaztetxeko ateak irekiko dituztela berriz: "Proiektu honek eskaintzen duena ezin dugu ate itxiekin aurrera eraman", esan du kide batek. Normaltasuna lortzeko asmoa azaldu dute. Helburu horrekin Desjabetuen memoria izenez antolatutako jardunaldiak hasiko dituzte bihar,  Maravillas Lambertoren aldeko omenaldi batekin. Gizarteari dei egin diote gaztetxea defendatzen jarrai dezan. Azaldu dute badakitela bidea zaila dela, baina ez dutela "inola ere" onartuko egindako lana ezerezean gelditzerik.

Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkosek, aldiz, eutsi egin dio azken egunotako mezuari, Ser irrati katean emandako elkarrizketa batean. "Hitz egitea" eskaini die gaztetxekoei, baina oinarri hartuta "inorentzako arazorik gabeko huste ordenatu bat". Erresistentziarako deiarekin kezkatuta agertu da, baina erantsi du gobernuaren jarrera ezin dela bestelakoa izan: "Ondasun publiko bat berreskuratzeko dira neurri kautelarrak". Gaztetxekoentzat "espazio bat bilatzeko" borondatea agertu du: "Baina ezin du edozein izan, eta ezin du okupazioaren bidez izan, berez elkarrizketa ukatzea baita". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.