Iruñeko taldeko sexu erasoa. Manifestazioa

Marea beltza, aldarri morea

Mugimendu feministak deituta, 35.000 pertsona batu dira Iruñean 2016ko talde bortxaketaren epaia salatzeko. Antolatzaileek esan dute eraso puntualen gainetik «indarkeria patriarkala» dela arazoa

Manifestazioaren aurrealdea, Sarasate pasealekura sartzen ari zen unean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Ez da abusua, erasoa da. Hori izan zen atzo Iruñean bildutako manifestariek gehien errepikatzen zuten leloa. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiarientzakomezua izan zen. 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren auziko sententzia idatzi zuten epaileei eginiko interpelazio zuzena. Hori baino gehiago ere bazen, ordea. Epaimahaiko hiru magistratuak soilik ez: zigor kodea, justizia sistema eta, are, «gizarte patriarkal» osoa jarri zuten jomugan manifestazioaren antolatzaileek.

Aurreko egunetako elkarretaratze eta protestetan bezala, jendetza batu zen atzoko manifestazioan ere. Iruñeko Udaltzaingoak eginiko zenbaketaren arabera, 35.000 pertsona inguru izan ziren Nafarroako Auzitegiaren eta Gazteluko plazaren arteko ibilbidea egin zutenak.

Protesta hasi baino ordu erdi lehenagotik ere, milaka lagun zain zeuden, Justizia Jauregiaren aurreko plazan nahiz inguruko kaleetan. Beltzez jantzita agertu ziren manifestarietako asko, protesta ikur gisa. Nonahi ikus zitezkeen bandera moreak, baita lelo feministak ere, nork bere etxetik eramandako kartoi zatietan idatzita. Ugarienak: Nik sinisten dizut eta Ezetza ezetz da. Aurrealdean, pankarta nagusia, hizki gorritan: Ez dago gure hitza epaituko duenik.

Abiatu aurretik, Andrea Lilak taldeko ordezkari Tere Saezek hartu zuen hitza, talde bortxaketaren sententzia kritikatzeko: «Epaiak ongi deskribatzen du gertatutakoa, baina bukaeran, magistratuak ez dira gai izan delitua sexu eraso gisa sailkatzeko; eta horixe izan zen, eraso bat». Geroa Bai, EH Bildu, PSN, Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkari ugari ere batu ziren manifestaziora, baina atzealdean gelditu ziren.

Aurrealdean, manifestazioaren antolatzaileak ibili ziren: Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideak. Haien izenean hitz egin zuen Uxua Alvarezek. «Sanferminetako talde bortxaketaren sententziari emaniko erantzun zuzena da manifestazio hau, baina baita indarkeria patriarkalaren aurkako protesta ere». Nafarroako auzitegiaren sententziari buruz, Alvarezek esan zuen «onargaitza eta inkoherentea» izateaz gainera, «arriskutsua» ere badela, «gisa honetako ebazpenekin, Justiziak errudun bihurtzen baititu emakumeak, eta erasoen aurrean babesgabe utzi».

Era berean, ostegunean argitaratutako epaiak «sumindura soziala» eragin duela azpimarratu zuen Bilgune Feministako kide Saioa Iraolak: «Kasu honek azalera atera du epaitegietan egunero gertatzen den zerbait; erasoa pairatu duten emakumeei zigor erantsia ezartzen zaiela, eta justiziaren beraren izaera guztiz patriarkala dela, alegia».

Sanferminetakoa kasu «mediatizatua» dela, eta, halakoetan, feminismoaren erronka «gauzak testuinguruan kokatzea» dela gaineratu zuen Iraolak. «Taldeko bortxaketa ez da kasu bakan bat, egitura patriarkal baten ondorioa baizik. Emakumeen aurkako indarkeriaren erabilera sistematikoa da».

Auzitegi aurreko plaza atzean utzita, hau izan zen manifestazioaren ibilbidea: Antoniutti parkea, Armadaren etorbidea, Bakearen plaza, Yanguas y Miranda etorbidea, Sarasate pasealekua eta Gazteluko plaza. Ibilbide osoa jendez bete zen, manifestazioaren burua Gazteluko plazara iristen zen unean ari baitziren azken manifestariak Justizia Jauregiaren paretik ateratzen.

Protesta bukaerako ekitaldian, mugimendu feministako kideek azpimarratu zuten «sistema patriarkalak emakumeak isilik» nahi dituela, eta gogor kritikatu zuten justizia sistema: «Lege matxistak betetzen dituen justizia heteropatriarkal batek nekez eskainiko digu justiziarik, ezta ordainik ere».

Helegitea aurkeztuko dute

Bestalde, 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren biktimaren abokatuek atzo jakinarazi zuten helegitea aurkeztuko diotela Nafarroako Auzitegiaren sententziari. «Errekurtsoa aurkezteko konbentzitu dugu [biktima]», azaldu zuen Carlos Bakaikoa abokatuak. «Sententziak kalean izandako erreakzioa ikusita, arraroa izanen litzateke guk helegiterik ez aurkeztea», esan du Kataluniako 8TV telebista katean. Bakaikoaren aburuz, «epai justuago bat» lortzeko ez litzateke beharrezkoa izanen zigor kodea aldatzea, eta azpimarratu du arazo nagusia «magistratuek egin duten interpretazioa» izan dela. Hortaz, alde guztiek agertu dute, dagoeneko, sententziari helegitea aurkezteko asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.