Maria Puy Perez hil zuenarentzat, 19 urteko zigor eskaria

Alabari sexu erasoak eta bestelako tratu txarrak egitea leporatuta, gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak Pasaian

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Lizarrako (Nafarroa) instrukzio epaileak amaitu du Maria Puy Perezen hilketa argitzeko ikerketa, eta Nafarroako Probintzia Auzitegira bideratu du auzia, epaiketa abian jartzeko. Auzia zinpekoen epaimahai batek epaitzea da asmoa. Perezen bikotekide ohia, Jose Maria Morentin, auzipetuta dago, hilketa hau leporatuta. Behin-behineko zigor eskariak jakinarazi dituzte auzibidean parte hartuko duten alde guztiek. Fiskalak 19 urte eta 11 hilabeteko espetxe kondena eskatu du gizona zigortzeko; akusazio partikularrak eta herri ekimenak, 21 urtekoa.Defentsak, berriz, jakinarazi du absoluzioa eskatuko duela.

2008ko urriaren 11n desagertu zen Maria Puy Perez, eta 2009ko ekainaren 23an aurkitu zuten haren gorpua, Sesman (Nafarroa), labore sail batean; 50 urte zituen. Haren bikotekide ohi Jose Maria Morentinek aitortu zuen Perez hil zuela, eta gorpua non zegoen azaldu zien foruzainei. Aurretik ere tratu txarrak eman izan ohi zizkion Perezi.

Pasaian, atxilotu bat

Bestalde, 48 urteko gizonezko bat atxilotu dute Pasaian (Gipuzkoa), alabari sexu erasoak egitea eta bestelako tratu txarrak ematea egotzita. Pasaiako etxe batean liskar bat izaten ari zirela ohartarazi zieten bizilagunek ertzainei astearte arratsaldean. Poliziek, hara iritsi, eta senar-emazte batzuek eztabaida handia izan zutela jakin zuten; gizona andreari erasotzen saiatu zela azaldu zieten, eta ama babesteko tartean alaba sartu zela eta aitak neskaren kontra egin zuela. 21 urtekoa da alaba, eta erasoaren berri ematearekin batera, ama-alabek jakinarazi zuten sexu erasoak jasan dituela aitaren partetik. Aurki atxilotu zuten gizona; atzo epailearen aurrean deklaratzera eraman zuten.

Nafarroako foruzainek jakinarazi dute, bestalde, 34 urteko gizonezko bat atxilotu zutela hilaren 14an Berriozarren (Nafarroa), genero indarkeria leporatuta. Bikotekideak hots egin ziei poliziei, eta senarrak jo egin zuela esplikatu zien. Salaketa jarri zuen, eta ustez senarrak egindako zaurien berri ematen duen osasun agiria aurkeztu zuen. Gizona aurretik ez zuten atxilotua genero indarkeriagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.