Dozenaka lagun elkartu ziren atzo eguerdian Arrasaten (Gipuzkoa), Marian Ibarluzearen hilketa salatzeko, Eraso sexistarik ez, autodefentsa feminista lelopean. Emakumeon Mundu Martxak, Pottogorriak eta Bilgune Feministak deituta, Plaza Nagusian batu ziren, eta hogei minutu inguruko isilune bat egin zuten; txalo artean amaitu zuten elkarretaratzea. Deitzaileek indarkeria matxista «arazo kolektiboa eta sistemikoa» dela adierazi zuten, eta, ondorioz, irtenbidea «guztien artean» eman behar zaiola: «Emakumeen aurkako biolentzia estrukturala da, ez indibiduala». Emakumeak indarkeria horren erantzule egiten dituen jarrera ororen aurka egiteko deia egin zuten.
65 urte zituen Ibarluzeak, eta hamar urte zeramatzan Lanzaroten (Kanaria uharteak, Espainia). Abenduaren 28an desagertu zen, eta haren lagun batek jarritako salaketaren ostean aurkitu zuten gorpua, abenduaren 30ean. Bikotekideak,43 urteko gizonezkoak, ordurako ihes egin zuen, eta herenegun aitortu zion Poliziari bera dela hiltzailea. Hilketa matxista leporatu diote gizonezkoari, eta baldintza gabe sartu dute espetxera, inkomunikatuta.
Ibarluzearenaren hilketarekin, 107 dira indarkeria matxistaren ondorioz 2003tik Euskal Herrian bizi ziren edo euskal herritarrak ziren hildako emakumeak. 2020an, bost izan dira indarkeria matxistaren ondorioz hildako emakumeak.
Marian Ibarluzearen hilketa matxista salatu dute Arrasaten
Asteazkenean topatu zuten haren gorpua. Mugimendu feministak nabarmendu du indarkeria matxista «arazo sistemikoa» dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu