Jean Pierre Martinezek emaztea eta amaginarreba hil zituen, 2009ko azaroaren 9ko goizaldean, hirurak bizi ziren etxean, Irisarrin, Nafarroa Beherean. Lehenik emaztea ito zuen. Ondoren, amaginarrebaren gelara joan zen; tetraplegikoa zen emakumea, eta ohean bertan hil zuen. Marie Jeanne Martinez deitzen ziren ama-alabak, biek izen bera zuten; 51 urte zituen alabak, eta 84 amak.
Ikusi gehiago
Bi emakumeak hil ondoren, semeari deitu zion Jean Pierre Martinezek. Goizaleko lau eta erdiak inguru ziren. Semea etxera iritsi zenean, gizona urkatua topatu zuen, baina askatu egin zuen, eta bizirik atxiki zuten. Ospitalera eraman zuten, atxilotuta baina. 61 urte zituen gizonak.
Prokuradoreak hasieratik atzeman zuen gizonak arazo psikiatrikoren bat izan zezakeela, eta epaiketan ere hori izan zen aztertu zen puntuetako bat. Urte eta erdiren buruan hasi zen epaiketa, Pauen (Okzitania). Gizonak han azaldu zuenaren arabera, uste zuen gizon batzuk sartu zirela etxean. «Lepotik heldu nuen bat... Nire emaztea zen», esan zuen gizonak epaiketan.
Psikiatrek epaiketan azaldu zutenaren arabera, «eldarnio paranoiko» batean bizi zen gizona, inoiz diagnostikatu eta inoiz tratamendurik jaso ez zuen arren. Familiak pozoituko zuen beldur zentzugabea bide zeukan. Epaileen esku gelditu zen auzia aztertzea. BERRIAk ezin izan du baieztatu gizonari zer zigor eman zioten azkenean.