Maritxu Uzkudun euskal presoa libre uzteko eskatu dute hainbat pertsonak Errezilen (Gipuzkoa). Uzkudun espetxeratu zutela hogei urte beteko dira otsailaren 9an, eta elkartasuna adierazi diote herrikideek. Uzkudunen egoera eta «bizi osoko zigorrak» salatu dituzte.
Espainiako espetxe politikaren ondorioz Uzkudun zazpi presondegitan izan dela gogoratu dute: Yeseriasen, Carabanchelen, Alcala Mecon, Almerian, Martutenen, Soto del Realen eta Granadan izandakoa da Uzkudun. Granadan dute gaur egun, etxetik 900 kilometrora.
2006. urtetik Uzkudunek kalean behar zuela esan dute, orduan bete baitzituzten ezarri zizkioten zigorraren hiru laurdenak. 2009ko abuztuan bete zuen zigor osoa, baino Parot doktrina deritzon neurria aplikatu zioten orduan, eta zigorra 30 urtera igo.
Uzkudun aske uzteko eskatze aldera, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Errezilen. Besteak beste, hilaren 9an, asteazkena, elkarretaratzea egingo dute. Igandean, berriz, hilak 13, mendi martxa bat egingo dute.
Ongietorria Agirreri
Saioa Agirre zornotzarra aske utzi zuten ostegunean, 30.000 euroko bermea ordainarazita. Gauez iritsi zen Zornotzara (Bizkaia), eta han, 200 pertsona inguruk ongietorria egin zioten.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, tentsio uneak izan ziren Agirreren ongietorrian, Ertzaintza agertu baitzen. Ertzainek han zeudenei identifikatzeko eskatu zietela azaldu du AAMk. Azkenean, bi pertsonak nortasun agiriak eman zituzten. Ertzaintzaren jarduna salatu du AAMk: «Atxilotuak izateko mehatxuak egin eta kolpeak eman, hori da egiten dakiten bakarra», ziurtatu du.
«Errepresaliatu politikoekiko elkartasunak» ez duela etenik izango ohartarazi du AAMk: «Elkartasuna ez da delitua», esan du. Horregatik, ostiralerako, hilak 11, beste ekitaldi bat antolatu dute Zornotzan, berriro ere Agirreri ongietorria egiteko.
Maritxu Uzkudunek hogei urte beteko ditu preso, eta askatzeko eskatu dute
2009an zigor osoa bete bazuen ere, 'Parot doktrina' aplikatu eta 30 urtera igo zioten kartzela zigorra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu