Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldeko zenbait hondartzatan marmokek ziztatutako pertsona ugari artatu dituzte azken egunotan sorosleek, eta ale ugari topatu dituzte. Horregatik, adi ibiltzeko ohartarazi dute.
Donostiako Zurriola hondartzan karabela portugesa izeneko marmokaren zazpi ziztada artatu zituzten sorosleek atzo. Igandetik ari dira sorosleak hondartzak aztertzen, Gipuzkoako eta Lapurdiko kostan ugaritzen ari direla antzeman dutelako. Gipuzkoako beste hainbat hondartzatan ere ziztatu ditu bainulariak: Zarauzko, Getariako, Hondarribiko eta Donostiako Ondarretako hondartzetan izan dira karabela portugesaren ziztadak azken egunotan.
Lehen aleak igandean topatu zituzten Donostian, eta hiru pertsona artatu zituzten ziztadengatik; bi Ondarretako hondartzan eta beste bat Santa Klara uhartean. Horregatik, astelehenean bandera horia jarri zuten. Garbiketa ontziek ikuskapena egin eta marmokarik aurkitu ez zutenez, bandera berdea jarri zuten gero.
Hala ere, atzo goizean sorosleek bandera gorria jarri zuten, eta bainua hartzea debekatu zuten, artatutako zazpi ziztaden ondorioz. Bainatzen ari zirenak uretatik atera zituzten, udalak jakinarazi zuenez.
Marmoka itxura duen espezie hori Ozeano Bareko eta Indiako ozeanoko ur tropikal eta subtropikaletan eta Ozeano Atlantikoko Golkoko itsaslasterrean ibili ohi da. Baina, batzuetan, Euskal Herriko kostan ere agertzen da. Taldeka lekualdatzen da, itsasoaren azaletik mugituz, eta kolonia erara bizi da. Karabelaren ziztadak arriskutsuak eta oso mingarriak dira.
Kostan, erne
Udal zerbitzuek eta sorosleek «oso erne» jarraitzen dute, marmokak bainu eremuetan daudenean atzemateko, eta herritarrei bainatzeko baldintzak betetzen direla komunikatzeko.
Zarautzen, marmokek pertsona bat ziztatu zuten igandean, eta astelehenean, itsasertzean, ale batzuk eta ziztada kasu batzuk ere atzeman zituzten, udaleko iturriek jakinarazi dutenez. Ondorioz, astelehenean egun osoan bandera gorria izan zuten. Atzo, bestalde, ale bakarra atzeman zutenez, bandera horia jarri zuten.
Donostiako Ondarretan ere agertu ziren marmokak atzo, eta bandera horia jarri zuten. Hondarribian eta Getarian bandera berdea zuten atzo goizean.
Lapurdin ere jakinarazi dute hainbat marmoka topatu dituztela. Phisalia pozoitsua da, eta ohartarazi dute aurkituz gero ez ukitzeko.
Protokoloari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du sorosleek marmokak bainu eremuan edo hondarretan ikusiz gero SOS Deietara abisatzeko. Ondoren, prebentzio neurriak hartuko dituzte aintzat hartuta zer espezie den, zenbat ale dauden, non agertu diren, eta bainu eremutik hurbil dauden ala ez.
Marmokekin adi ibiltzeko ohartarazi dute Gipuzkoa eta Lapurdiko kostaldean
Karabela portugesaren ale ugari topatu dituzte Donostian, Zarautzen, Hondarribian eta Getarian batez ere. Larrialdietara deitzeko esan dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu