Maroto, auzibidean

Marotok esan du "baliabide publikoen administrazio egokia" defendatu nahi zuela

Juan Kalparsoro fiskal nagusiak deitu du Gasteizko alkatea. Gizarte laguntzen inguruan etorkinen aurka egindako adierazpenak delitu ote diren ikertzen ari da fiskala. "faxista" eta "arrazista" oihu artean sartu da epaitegira.

Javier Maroto, auzitegira sartzen, atzean haren hitzen kontrako elkarretaratzea egiten ari direla. LUIS TEJIDO / EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko azaroaren 13a
07:17
Entzun

Gizarte laguntzak mugatzearen alde udan hasitako kanpainak auzitegira eraman du gaur Javier Maroto Gasteizko alkatea. SOS Arrazakeria taldeak salatu zuen, astez aste egindako adierazpenak delitu izan daitezkeelakoan. Batez ere immigranteen aurka jardun du alkateak —“etorkin batzuk batez ere laguntza sozialetatik bizi dira, eta ez daukate batere interesik lanerako”—; aljeriarrak eta marokoarrak hartu ditu bereziki begitan.

08:30ean heldu da auzitegira, "arrazista" eta "faxista" oihu artean. Atarian, Marotok esan du ez zela bere asmoa "bazterkeria eta gorrotoa" sortzea, "baliabide publikoen administrazio egokiaren" alde egitea baizik. Fiskalaren aurrean, nabarmendu du laguntza sozialetako iruzurrak "arraza, erlijio, adin eta genero" guztietan gertatzen direla.

Bi delitu aipatu dituzte salaketan: gorrotoa bultzatzea eta etorkinen eskubideen aurka egitea. Fiskal nagusiari igorri zioten salaketa —foruduna da Maroto—, eta hark erabaki du prozedura zabaltzea. Kontuan izatekoa da aurretiazko fasean dagoela kasua oraindik. Salatua soilik dago Maroto.

Atzera egiteko asmorik ez daukala iragarria du. Kalparsorok salaketa aintzat hartu zuenean, alegazioak aurkeztu zituen alkateak, eta datu batzuk helarazi zizkion fiskal nagusiari, adierazpenak datuetan oinarrituta egin zituela azaltzeko. “Ez dut atzera egingo, ez dut barkamenik eskatuko”. Bilbon, auzitegi nagusian emango du lekukotasuna.

PPren bakardadea

Hilabeteak daramatza gizarte laguntzak mugatzearen aldeko kanpaina betean PPk, batez ere Maroto alkatearen bidez. Orain arte ez du bidelagunik topatu. Eusko Legebiltzarrean, bizkar eman diote talde guztiek —areago, PPren jarrera ikusita, eztabaidatzeari ere uko egin diote EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk—.

Horren aurrean, kalera jo nahi du PPk. Plataforma bat sortu dute —Laguntza Justuagoak—, eta sinadurak biltzen hasiko dira. Asmoa da herri ekinbide legegile bat aurkeztea parlamentuan, alderdiek lege aldaketari buruz eztabaidatzeko. 30.000 sinadura behar dituzte.

Marotok hasitako kanpainaren jiran, immigrazioarekin lotutako gorabehera batzuk izan dira Gasteizen azken asteetan. Batetik, immigranteak defenditu zituen gizon bati eraso egin zioten; bestetik, gidari batek galarazi egin zion andre bati hiriko autobusera sartzea, burka zeramalako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.