Marotok esan du ez dutela dirurik jarriko autobus geltokiaren galdeketarako

Donostiako Udalak indarrean jarri du berriro ere autobus geltokia Atotxan egiteko kontratua

Erredakzioa
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Gasteizko alkate Javier Marotok adierazi du udalak ez duela «euro bakar bat ere» jarriko autobus geltoki berriaren kokapenaren inguruan oposizioko alderdiek babestu duten erreferenduma egiteko. «Alderdi horietako zinegotziek ordaindu beharko dute, beren poltsikotik. Ez dut zirku eta adarjotze gehiago onartuko», esan zuen atzo Marotok.

Geltokia Arriaga parkean edo Euskaltzaindia plazan kokatzea. Horixe erabaki beharko lukete herritarrek galdeketan. Emaitza betebeharrekoa litzateke 18 urtetik gorako herritarren %20k parte hartuko balute: 37.000 herritar inguruk. Bilduk atzo aurkeztu zuen galdeketarako mozioa. EAJk eta PSE-EEk esan dute babestu egingo dutela. Behin onartuta, lau hilabete egongo dira galdeketa egiteko.

Marotok astelehenerako ezohiko osoko bilkura deitu du, galdeketaren xehetasunak zehazteko. «Udalbatzaren gehiengoa alde badago, galdeketa egingo da». Udalak dirurik ez ordaintzeaz gain, beste baldintza bat jarri du Marotok: galdeketa uztailean izatea. «Ez dut onartuko obretan atzerapenik egotea. Gainontzean, Eusko Jaurlaritzak agindutako diru laguntza galtzeko arriskua egon daiteke». Arabako patronalak bat egin du Marotorekin.

Lakua-Arriagan galdeketa bat egitearen aldeko auzotarren batzordeak mozioa erretiratzeko eskatu dio Bilduri, eta uzteko kanpoan Arriagako Parkearen kokapena. «Kokapen horri buruz egin zen galdeketa, eta gehienen aurka azaldu zen». Bestelako kokapen batzuk kontuan hartzeko eskatu dute: egungo tren geltokia, Euskaltzaindia Plaza, Los Huetos Hiribideko zubiaren azpiko gunea...

Bestalde, Donostiako Udalak berriro jarri du indarrean Atotxan autobus geltokia egiteko kontratua. Bilduren udal l gobernuak esana zuen, ez bazuen geltokia Loiolako Erriberan eraikitzeko babesa lortzen, berriro jarriko zuela indarrean aurreko kontratua., hau da Atotxan egiteko: «Gure hitza bete dugu», esan du ohar bidez Ricardo Burutaranek, Hirigintza zinegotziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.