Marta Vera: «Nahitaez egin behar dira doikuntzak»

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak eskainitako lanpostu publikoak urritzearen alde egin du

Erredakzioa
Iruñea
2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Osasunbideak aurrez iragarritakoa baino 102 lanpostu publiko gutxiago eskainiko dituela-eta sortu den haserre giroaren harira, hartutako erabakiaren defentsa irmoa egin du Marta Vera Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak.Murrizketak «egoera pertsonal» zailak eragingo dituela onartu arren erabakia saihetsezina dela adierazi du: «Doikuntzak derrigorrezkoak dira». Erabaki horren bidez, hain justu, lau milioi euro aurreztuko dituztela jakinarazi du. 102 lanposturen eskaintza erretiratu arren beste 65 lortzeko aukera badagoela gogorarazi du, gainera.

Kontrara, oso haserre mintzatu dira lanpostu horiek lortzeko asmoz dagoeneko etsaminetarako prestatzen hasita zeuden pertsonak. Denera, 12.000 lagun inguru zeuden izena emanda postu horietako bat eskuratzeko asmoz. Eskaini gabe geratuko diren 102 postuetatik 67 ospitaleetako langileentzat ziren, eta beste 35 zerbitzuetarako. Garbiketako eta sukaldeko lanetarako lanpostuak ziren eskainitako asko.

Kritikak

Erabakiarekin desadostasuna erakutsi duen eragileetako bat ELA sindikatua izan da. Osasunbideko sektore mahaia elkartu zen atzo, eta bertan kritika gogorra helarazi zioten Verari. ELAren irudiko, «iruzur soziala» da hartutako erabakia. Hainbat sektore «pribatizatzeko» nahiarekin lotu du erabakia. Egindako batzarraren harira, Verari erabakiarekiko desadostasuna azaltzeaz gain, murrizketen gainean negoziatzeko asmorik ez dutela jakinarazi zioten sindikatuko ordezkariek; aurretik zergen bilketari eta diru publikoaren erabilerari buruzko eztabaida «serioa» egin behar dela pentsatzen dute.

Nafarroako Parlamentuko Bilduko bozeramaile Bakartxo Ruizek ere gogor kritikatu du lan eskaintza publikoan hartutako erabakia. Murrizketarekin Osasunbideari «eraso» egin diotela salatu du. «Lan eskaintza publiko horretako etsaminak prestatzen ari ziren pertsona guztiei kalte egiten die erabakiak, eta, bide batez, Nafarroako gizarte osoari, osasun zerbitzu publikoak urritzen ari direla ikusten baitu, eta lanpostu publikoak deuseztatzen ari direla». Erabakiak ondorio larriak izango dituela esan du. «Erabaki klase hauekin gizarte zerbitzuetan eragiten ari dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.