Polizia iturrien arabera, Jurdan Martitegi, Alex Uriarte eta Gorka Azpitarte ustezko etakideak gaur gauean eramango dituzte Parisera, Laurence Le Vert epailearen aurrera, inkomunikazioa ahal bezainbat luzatu ondotik. "Paristik datorren agindua da", diote polizia iturriek.
Larunbat arratsaldean atzeman zituzten hirurak, Montoriolen (Ipar Katalunia). Montpellierko (Frantzia) polizia etxean dituzte.
Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Juan Manuel Piñuel guardia zibilaren hilketa egotzi dio Martitegiri. Legutioko (Araba) kuartelaren aurka bonba-furgoneta lehertu zuen ETAk 2008ko maiatzaren 14an eta eztandaren ondorioz hil zen Piñuel.
Ipar Kataluniako operazio berean atxilotu zituzten larunbatean eta igande goizaldean Sergio Bravo, Asier Ortiz de Ginea, Olaritz Arakama, Igor Garcia, Jonathan Guerra eta Gorka Iriarte, Gasteizen, Otxandion (Bizkaia), Bilbon eta Errenterian (Gipuzkoa). Arakama igandean utzi zuten libre, baldintzarik gabe. Besteek inkomunikatuta jarraitzen dute, Espainiako Poliziaren esku, Madrilen. Konfiantzako mediku batekin egon dira, eta inkomunikazioa grabatu izanen dela ziurtatu diete familiakoei. Baina kezkatuta daude, neurri horiek hartu arren atxilotuek torturak salatu izan dituztelako.
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz egin zuten operazioa Frantziako eta Espainiako Poliziak elkarlanean.
Ikerketaren iturriak aipatuz, berri agentziek zabaldu zuten Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian atxilotutako sei lagunek Uriarte buru zuen komando bat osatzen zutela. Ipar Katalunian atxilotuei dagokienez, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak adierazi du lehergai "pixka bat", hiru pistola, dokumentazioa eta material informatikoa harrapatu dietela.
Montorioleko operazioan aurkitutako dokumentazioan oinarrituta, Rubalcabak adierazi du ustezko komandoak Patxi Lopezen inbestiduratik hurbil egin nahi zuela atentatua.
Atxiloketak
Martitegi, Uriarte eta Azpitarte gaur gauean eramango dituzte Parisera, inkomunikazioa ahal bezainbat luzatu ostean
Larunbat atxilotu zituzten, Ipar Katalunian, ETArekin zerikusia dutelakoan. Pedraz epaileak Piñuel guardia zibilaren hilketa egotzi dio Martitegiri. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian atzemandako beste bost lagun Madrilen dauzkate, horiek ere inkomunikatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu