EBk eta Turkiak sinatutako akordioarekin desados daude hainbat herritar, eta haserrea erakusten ari dira han eta hemen. Gaur, xenofobiaren kontrako egunaren bezperan, Trintxerpetik Donostiara oinezko martxa egin dute hainbat lagunek. 11:30ean abiatu dira Trintxerpetik, eta 13:00ak aldera Donostiako Gipuzkoa plazara iritsi dira.
Urtero egiten duten martxan, bereziki salatu dute EBren eta Turkiaren akordioa. Agustin Unzurruzaga SOS Arrazakeriako bozeramaileak salatu du "eskandalua" dela errefuxuatuak Turkiaren esku uztea, herrialde hark Europak baino baliabide gutxiago dituenean.
Ikasle batzuen ideia jarraitu, eta olatu handi bat irudikatu dute, eta hiria halako batek hartuko balu zer gertatuko litzateken irudikatzeko deia egin dute: "Guk ondo tratatzea nahiko genuke, bada, berdina egin behar dugu besteekin", esan du Unzurrunzagak.
Atzo Iruñean
Asilo eskubidearen alde, manifestazio jendetsua egin zuten atzo Iruñean. Inor ez da ilegala lelopean egindako manifestazioan salatu zuten "erabat lotsagarria" dela EBk Turkiarekin errefuxiatuak kanporatzeko egindako akordioa.
SOS Arrazakeriak, Amnesty Internationalek eta Denontzat-ek antolatuta, manifestazio jendetsua egin zuten Iruñean, asilo eskubidearen alde. Izan ere, EBk eta Turkiak sinatu berri duten akordioak asilo eskubidea hankaz gora botatzen duela uste dute. Beatriz Villahizan SOS Arrazakeriako bozeramaileak azpimarratu zuenez, "ez dago giza eskubideekin bat egiten duen arrazoirik mugak zeharkatu nahi dituztenei haiek ixteko".
Amnesty Internationaleko kide Emilio Baztarrikak, berriz, "nazioarteko legeak nahi erara ez betetzea" aurpegiratu zien EBko estatuei. Iheslarien jatorriko herrietako gatazkak amaitzeko lan egiteko eskatu zien EBko agintariei, eta, bitartean, ihesa abiatzen dutenei bideko balditzak hobetzeko, eta asilo eskubidea errespetatzeko.