bateragune auzia

Martxoaren 28an irtengo da Arnaldo Otegi kartzelatik

Berri agentziek jakinarazi dutenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak egun horretarako jarri dio irteera data. 2021eko otsailera arte luzatu dio inhabilitazioa, baina oraingo doktrinarekin, zehaztapenik ezean, hauteskundeetara aurkeztu ahal izango litzateke. Bestetik, Bateragune auzian Auzitegi Nazionalari dagokion inpartzialtasuna helegitea aurrerago aztertzea erabaki du gaur Estrasburgoko auzitegiak.

Arnaldo Otegiren aldeko ekitaldi bat, Logroñoko espetxearen kanpoaldean. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
jon olano
2015eko azaroaren 26a
07:17
Entzun

Gorenak kartzela zigorrak zehazteko jarritako doktrina baten ondorioz, 11 egunez aurreratu diote kartzelatik irteteko eguna Arnaldo Otegiri. Kargu publikoak izateko inhabilitazioa, ordea, luzatu egin diote 2021eko otsailera arte. Fiskalak eskatuta hartu du erabakia Auzitegi Nazionalak.

Bestetik, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Arnaldo Otegiren defentsak aurkeztutako helegitea Auzitegi Nazionalari dagokion inpartzialtasun kasuan aurrerago aztertzea erabaki du; Europako Giza Eskubideen Itunaren 6.1 artikulua urratu ote zen aztertuko luke. Hala dio artikulu horrek: "Pertsona orok du eskubidea bere kausa entzuna izateko modu bidezko eta publikoan, arrazoizko epe batean, auzitegi independente eta inpartzial baten aurrean".

Baztertu egin ditu, ordea, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren inpartzialtasuna zalantzan jartzen zuten argudioak. Defentsak auzitan jarri zuen Konstituzionaleko bi magistraturen inpartzialtasuna, argudiatuta PPko afliatua zela bat eta ezker abertzalearen aurkako beste epai batzuetan parte hartutakoa zela beste bat. Argudio horiek ezetsi ditu Estrasburgok.

Auzitegiak ez du eperik jarri auziaz erabakitzeko. Otegik 2016ko apirilean beteko du zigorra osorik.

'Bateragunen' Murillo kentzeko saioa

"Zuk irmo gaitzesten al duzu ETAren indarkeria?",  Angela Murillo epaimahaiburuak Arnaldo Otegi auzipetuari.

—"Ez dut erantzungo".

—"Ez didazu erantzungo, ezta? Oso ondo. Banekien. Eseri zaitezke".

—"[Atzeko aulkietara zihoala, Otegik] Nik ere banekien galdetuko zenuela".

2010eko urtarrilaren 27an gertatu zen hori (bideoan 0:24-0:34 tartean), Espainiako Auzitegi Nazionalean. Jose Mari Sagardui Gatza euskal presoaren omenaldian "terrorismoa goratzea" egotzita epaitu zituzten Otegi eta beste bi lagun, eta aurreneko saioan gertatu zen. Defentsak gero argudiatu zuen Murillok Otegirekiko aurreiritziak izan zituela eta, ondorioz, auzipetuaren eskubideak urratu zirela, epailearen inpartzialtasunik ezagatik. Auzitegi Gorenak, 2011ko otsailean defentsari arrazoi eman, eta zigor epaia baliogabetu egin zuen. Murillo baztertu, eta berriro egin zuten epaiketa, Javier Gomez Bermudez zela epaimahaiko presidente, eta absoluzioa jaso zuten auzipetuek. 

2011ko ekainean eta uztailean Bateragune auziko epaiketan ere Murillo izan zen epaimahaiburu. Horretarako izendatu zutenean, 2010eko epaiketan oinarrituta defentsa saiatu zen Murillo izan ez zedin epaimahaiko presidentea, hura errefusatuta, baina ez zuen lortu; Auzitegi Nazionaleko 69ko areto bereziak argudiatu zuen Bateragunekoa beste auzi bat zela. Bederatzi epailek babestu zuten erabakia, eta kontrako iritzia agertu zuten bi epailek. Haietako batek —Javier Martinez Lazarok—, boto partikularra egin zuen publiko, Murilloren inpartzialtasuna zalantzan jarrita. Epaiketa egin zen, Auzitegi Nazionalak zigor epaia eman zuen, Gorenak berretsi egin zuen, eta Konstituzionalak iazko uztailean Gorenaren epaia berretsi zuenean, ebatzi zuen Murillo beste auzi batean oker aritu izanak ez zuela esan nahi epaileak aurreiritziak izan zituenik Bateraguneko epaiketan. Beraz, Konstituzionalaren arabera, akusatuak zigortzean ez ziren urratu inpartzialtasun judiziala eta errugabetasun presuntzioa.

Otegiren abokatu Jone Goirizelaiak berehala iragarri zuen Europara joko zuela, epaiketa prozesua berme denekin egin ez zelakoan. "Estrasburgoren arabera, epaile baten inpartzialtasunari buruzko zalantzak badaude, magistratu horiek abstenitu egin behar dute, edo kendu egin behar dituzte kargutik". Horrez gain, baziren beste zantzu batzuk erabakia "politikoa" izan zela ulertzeko, Goirizelaiaren ustez. 

Zigorrak

Auzitegi Nazionalak 2011ko irailean eman zuen Bateragune auziko zigor epaia, bost auzipetu ETArekin lotuta. 2012an epaia berretsi egin zuen Gorenak, kartzela urteak pixka bat jaitsita: Otegiri eta Rafa Diezi sei urte eta erdiko kartzela, eta Miren Zabaletari, Arkaitz Rodriguezi eta Sonia Jacintori, seikoa. Konstituzionalak Gorenaren erabakia berretsi egin zuen, iazko uztailean. Zabaleta, Rodriguez eta Jacinto joan den urriaren 11n geratu ziren libre, zigorra osorik beteta. Otegi hurrengo urteko martxoan aterako da espetxetik, eta Diez, handik hamazazpi hilabetera, aurretik baldintzapean aske egon zelako.

2009ko urrian atxilotu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.