Martxoaren 3ko Gasteizko gertakarien 35.urtemuga gogoan, ekitaldi bateratua egingo dute aurten ezker abertzaleak,EAk eta Alternatibak. Joan den urtarrilean hiru alderdiek sinatutako Euskal Herria Ezkerretik akordioa abiapuntutzat hartuta, Indarrak batuz, eskubideak eskuratu lelopean antolatu dute ekitaldia. Gasteizko Zaramaga auzoan egingo dute, martxoaren 3an, eguerdiko 12etan. Alderdietako ordezkariek gizarteari dei egin diote egun horretan «eskubide guztien eta aldaketa politiko eta sozialaren alde» indarrak batzera.
Deialdiaren berri emateko elkarrekin agertu dira komunikabideen aurrean ezker abertzaleko Aitor Bezares eta Maite Fernandez de Labastida, Eusko Alkartasuneko Lorena Lopez de Lacalle eta Patxi Martinez de Albeniz, eta Alternatibako Luis Maria Salgado eta David Pina. Euskaraz irakurri du agiria Lopez de Lacallek, eta gaztelaniaz,Saldagok. Gogoratu dutenez, Euskal Herrian zabaltzen ari den fase politiko berriari «era egokian» erantzuteko eta Euskal Herriko aldaketa soziala eta politikoa ezkerretik garatzeko sinatu zuten hiru alderdiek Euskal Herria Ezkerretik izeneko hitzarmen politikoa.
Horri lotuta nabarmendu dute Indarrak batuz, eskubideak eskuratu leloak ongi islatzen duela martxoaren 3ko gertakarien 35.urteurrenaren arima. 1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak Gasteizko San Frantzisko elizan batzartuta zeuden bost langile hil eta ehunkazauritu zituen. Hiru alderdiek uste dute orduko gertakariek eta egungo egoerak badutela antzekotasunik. Izan ere, duela 35 urte langileria elkartu, antolatu eta mobilizatu egin zen bere eskubideak defendatu eta aldaketa politikoa aldarrikatzeko, eta gaur egun ere, «benetako aldaketa politiko eta soziala» gauzatzeko aukera historikoa dago: «Egun benetako trantsizioa garatu eta ezkerreko indar soberanista eta independentisten metatzearen bitartez eskubide guztiak aitortu eta bermatuko dituen egoera lor dezakegu».
'Igande Odoltsua'
Aurten,gainera, kutsu berezia izango dute martxoaren 3ko gertakarien urteurren ekitaldiek. Izan ere, 1972an Derryko (Irlanda) Bloody Sunday edo Igande Odoltsuan hildakoen senideen ordezkaritza bat izango da Gasteizen. Hiru alderdien iritziz, Irlandan eskubide zibilen alde egindako lana «erreferentzia»da Euskal Herriarentzat, eta, zehazki, Gasteizko biktimentzat. Izan ere, 1998an Londresko Gobernuak Bloody Sundaygertakarien gaineko ikerketa sakona agindu zuen, eta ikerketaren ondorioz,2010ean David Cameron lehen ministroak barkamena eskatu zuen Gobernu britainiarraren izenean. Gasteizko biktimek, ordea, oraindik egia, justizia eta erreparaziorik ez dutela salatu dute. «1976ko martxoaren 3an benetan gertatutakoa argitu eta justizia egiteko bide luzea du Espainiako Estatuak».
Ezker abertzalea, EA eta Alternatibak Martxoaren 3ko biktimen elkarteak egiten duen lana babestu dute, baina ohartarazi dute Gasteizko biktimak Irlandan lortutakotik «urrun» daudelaoraindik.
Martxoaren 3an eskubide guztien alde indarrak batzeko deia egin dute
Ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak elkarrekin oroituko dituzte Gasteizko 1976ko gertakariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu