1976ko martxoaren 3ko gertakarien 36. urteurrena izango da larunbat honetan, eta Eusko Jaurlaritzak omenaldia egingo die sarraski horren biktimei. Lehen aldiz omenduko ditu Jaurlaritzak Martxoaren 3ko biktimak, orain arte ez baitu inoiz haien aldeko ekitaldi publikorik egin. Albiste agentziek zabaldu dutenez, Jaurlaritzak lore eskaintza bat egingo du larunbat goizean, Zaramaga auzoan dagoen oroitarrian. Idoia Mendia Justizia sailburu eta eledunak, Ines Ibañez de Maeztu Giza Eskubideen zuzendariak eta sail horretako aholkulari Manuela Carmena epaile ohiak parte hartuko dute ekitaldian. Iturri horien arabera, UGT eta CCOO sindikatuetako buruak ere omenaldian izango dira.
Justizia Sailak adierazi duenez, Martxoaren 3ko biktimei eskainitako omenaldia «Poliziaren biktimei aitorpena» adierazteko keinua izatea nahi dute, duela gutxi landutako biktimen dekretuak dioenari jarraituta.
Eusko Jaurlaritzaren omenaldia 10:30ean izango da. Martxoaren 3ko biktimen elkarteak eta gehiengo sindikalak antolatutako ekitaldiak, berriz, arratsaldean izango dira. Halaber, ezker abertzaleak, urtero legez, lore eskaintza egingo die biktimei eguerdian.
ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuek iragarri dute ez dutela parte hartuko Jaurlaritzaren omenaldian. LAB sindikatuak «ezkutuan» ibiltzea leporatu dio Jaurlaritzari, eta gogorarazi dio sindikatuek antolatutako omenaldia eta manifestazioa publikoak direla eta horietan parte har dezakeela. Gotzon Kortazar LABeko kidearentzat «harrigarria» da Jaurlaritzak «orain» keinua egitea Martxoaren 3ko biktimei, eta galdetu du ea zergatik ez duen gaur arte halakorik egin.
Andoni Txasko Martxoaren 3ko biktimen elkarteko eledunak uste du Jaurlaritzak biktima guztiak aitortu beharko lituzkeela aurrena, eta, ondoren, «omenaldiak eta keinuak egiten hasi».
Mobilizatzeko deia
Gasteizko gertaeren 36.urtemuga gogoratzeko deitutako ekitaldien harira, ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuek azpimarratu dute 1976ko eta 2012ko borroken arteko antzekotasunak ugariak direla eta mobilizatzea ezinbestekoa dela: «Borrokaren bidez konkistatu genituen gure eskubideak orain dela 30 urte. Eta, orain, borrokaren bidez zaindu behar ditugu eskubide horiek, ken ez diezazkiguten». Gainera, salatu dute nahiz eta ETAk indarkeria utzi duen Espainiako Gobernuak «konfrontazioarenpolitikari» eusten diola.
Martxoaren 3ko biktimak omenduko ditu Eusko Jaurlaritzak, lehen aldiz
ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuek eta biktimen elkarteak ez dute parte hartuko Jaurlaritzaren ekitaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu