Duela 35 urte Espainiako Poliziak Gasteizen tiroz hildako eta zauritutako lagunak gogoan izan zituzten atzo milaka herritarrek, kalean. Urtero legez, martxoaren 3ko biktimen aldarriak ozen entzun ziren Gasteizen, goiz eta arratsaldez egindako ekitaldietan, eta oraindik zigor gabe jarraitzen duten gertakarien salaketak indar berezia hartu zuen egun osoan.Martxoaren 3ko biktimek euskal herritarren zein eragile politiko eta sindikalen babesa ez ezik,Euskal Herritik kanpoko elkartasuna ere izan zuten. Zehazki, Irlandako Bloody Sunday-ko (Igande Odoltsua) sarraskiaren biktimen bi ordezkariren eskutik elkartasun besarkada, eta «egia eta justiziaren» alde borrokan jarraitzeko kemena jaso zuten Gasteizko biktimen elkartekoek.
Derryko eta Gasteizko sarraskien biktimen borroka «estuki lotuta» daudela gogoratu zuten atzo. Irlandaren kasuan, 1972an Armada britainiarrak eskubide zibilen aldeko manifestazioan tiroz hil zituen hamalau lagun, eta Gasteizen, lau urte geroago, bostlangile erail zituen Espainiako Poliziak. Urteetako borrokaren ondoren Bloody Sunday-ko biktimek duela gutxi jaso dute Londresko gobernuaren barkamena, eta jarrera hori eredugarritzat dute martxoaren 3ko biktimek.
Zaramaga auzoko plaza esanguratsua oroimen eta aldarrikapenerako topaleku bilakatu zen atzo. Han omendu zituzten 1976ko martxoaren 3an hil zituzten bost pertsonak eta haien familiak, lore eskaintza eta aurreskuekin. Anthony Doherty eta Tony Gillespie Bloody Sunday-ko biktimak han zirela, Gasteiz eta Irlandako sarraskiak gogoan izan zituzten: «Bi borrokek erakutsi digute zein den biktimen sufrimenduaren zulo sakonetik irteteko formula: herriaren indarra». Martxoaren 3ko biktimen izenean, Eva Barrosok Espainiako Estatuari «zigorgabetasunarekin» amaitzeko eta biktimei «barkamena» eskatzeko galdegin zion. «Ez dugu etsiko hori lortu arte».
«Herriak ez du barkatuko» oihuak bidea zabaldu zion ondorengo manifestazioari. Atzo eta gaur borrokan. Eskubide murrizketen aurkaleloa zeraman pankarta nagusiari eusten, mobilizaziora deitu zuten lau sindikatuetako ordezkariak zihoazen: ELA, LAB, ESK eta EILAS. Aurretik eginiko ekitaldian, duela 35 urte langileak kalera ateratzera bultzatu zituzten arrazoiek bere horretan dirautela azpimarratu zuten sindikatuek, etamobilizazioaren eta konfrontazioaren bitartez, gizarte eredua aldatzea lortuko dela esan zuten.
Atzetik, Gasteizko eta Derryko biktimen ordezkariak joan ziren, justizia eta egia eskatzen zuen pankartari helduta. Milaka lagunek parte hartu zuten manifestazioan. Bidean, poliziaren aurkako aldarriak nagusi izan ziren.
Bi herrietako biktimak
Goizean ere Bloody Sunday-ko biktimen gertutasuna sentitu zuten martxoaren 3ko biktimek. Hango eta hemengo biktimak gogoan izan zituzten, txalo artean, Zaramaga auzoan egindako omenaldi eta lore eskaintzan. Derryn gertatu bezala, Gasteizen ere«urtetako bidegabekeriari» behingoz amaiera ematea espero duela adierazi zien bildutakoei Antonhy Dohertyk, Bloody Sunday-ko biktimen izenean.
Urte luzez Erresuma Batuko Gobernuak Derryko gertakariekin egin zuen modura, Espainiakoak ere Gasteizko sarraskiaren egia «ezkutatu» egin duela salatu zuen: «Espainiako Estatuak sistema judiziala erabili zuen bere hilketak ezkutatzeko. Baina denborak ez du biktimen memoria ezabatu». Etaziur agertu zen Euskal Herrian zabaldu den aro politiko berria «eskubide zibil eta politikoak berreskuratzeko» baliagarria izango dela. «Ziur gara guk lortutakoa erdietsiko duzuela».
Hain justu, Euskal Herriak bizi duen testuinguru politiko berriak isla izan zuen goizeko ekitaldian. Izan ere, lehen aldiz, ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak omenaldi bateratua eskaini zieten martxoaren 3ko biktimei. Euskal Herria Ezkerretik ekimeneko sinatzaileek Indarrak batuz, eskubideak eskuratulelopean antolatutako ekitaldian, aldaketa politiko eta sozialaren aldeko indar metaketa defendatu zuen Aitor Bezares ezker abertzaleko kideak. Hiru alderdietako ordezkaritza zabala joan zen Gasteizko omenaldira: ezker abertzaletik, Rufi Etxeberria, Jone Goirizelaia eta Amparo Lasheras, EAtik Pello Urizar, Lorena Lopez de Lacalle eta Antxon Belakortu, eta Alternatibatik Oskar Matute, Jorge Segoviano eta Luis Salgado.
Gaur bezala, 1976ko martxoaren 3ko gertakarien «arima» aldaketa politiko eta sozialaren aldeko borroka izan zela gogoratu zuen Bezaresek. Eta, orduan bezala, orain ere, Espainiako estatuak apustu horri «eskubideen murrizketarekin» erantzun diola salatu zuen. Bezaresen ustetan, Euskal Herrian «bigarren trantsizioa» egin beharra dago, non erabakitzeko eskubideak errespetatuta izan behar duen. Horretarako, baina, egungo marko juridiko politikoa gainditzea eta aldaketaren alde indarrak metatzea ezinbestekotzat jo zuen: «Indar metaketak izan behar du prozesua muturreraino eramangoduen motorra».
Ezker abertzaleko kideak azpimarratu zuenez, prozesuak aurrera egiteko funtsezkoa da indarkeria oro desagertzea eta eskubide guztiak errespetatuak izatea. Hala, Espainiako Gobernuari dei egin zion eskubide zibil eta politikoen aldeko urratsa emateko, eta, ezker abertzalea legeztatzeko. «Jada ez dago aitzakiarik ezker abertzalea ez legeztatzeko, eta erabaki hori ezin da interes politikoengatik gehiago atzeratu».
Martxoaren 3ko biktimentzat «egia eta justizia» eskatu dute
'Bloody Sunday'-ko biktimen borroka gogoan izan dute Gasteizen, martxoaren 3ko gertakarien 35.urtemuga ekitaldietanAldaketaren alde indarrak metatzera deitu dute ezker abertzalea, EA eta Alternatibak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu