SOS Gaztelugatxe elkarteak Bizkaiko eremu horren «masifikazioaz» ohartarazi du, eta Bizkaiko Foru Aldundia egin du erantzule, uste baitu diputazioak «sustatu» duela egoera hori: «Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxe turismo helmuga masifikatu bihurtzeko egindako apustu horrek paisaiaren degradazioa eragiten du, bai eta balio naturalen, kulturalen eta espiritualen galera ere».
Izan ere, enpresa pribatu batek Gaztelugatxera antolatutako bisitak polemika eragin du, eta elkarteak ohar bat zabaldu du gaiaren inguruan. Haren iritziz, polemika horrek «berriro» erakutsi du Gaztelugatxeko Donienek merezi duela moratoria bat, «hausnartzera esertzea eta ahalegin bateratu bat egitea, inguru natural honen izate osoak bizirik iraun dezan, eta belaunaldi berriek ere ezagut dezaten, gure arbasoek ezagutu eta errespetatu zuten bezala».
Elkarteak gogorarazi duenez, gunearen etorkizunari buruzko bi proposamen daude mahai gainean: Bizkaiko Foru Aldundiak egin du bat, eta Bakioko Udalarena da bestea. «Inplikatutako eragile guztiei dei egiten diegu mahai baten inguruan esertzeko eta eztabaida herritar guztiei zabaltzeko», adierazi du SOS Gaztelugatxek, eta erantsi «urteko azken mezaren egunean ez ezik, urteko egun guzti-guztietan errespetatu» behar dela «leku zoragarri» horrekin zerikusia duen guztia.