Joan den astean lapurreta bat jasan du EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Durangon (Bizkaia) ibilgailu batean zeukaten material "ugari" —arropa eta bestelako materiala—, eta lapurtu egin diete.
Iragan astean jasan zuten lapurreta. Bilera egin dute taldeko kideek, eta horren berri ematea erabaki dute, herritarrek jakin dezaten EHEren izenean materiala saltzen ikusiz gero ez dela haiena, lapurtua dela.
Taldeko ordezkariek BERRIAri adierazi diotenez, furgoneta barrura sartu ziren lapurretara, eta materiala eraman zuten. Ibilgailua bera ez zuten ostu.
Ez da euskalgintzako eragile batek azken egunetan jasandako lapurreta bakarra. Joan den igande gauean Goiena-ren egoitzan sartu ziren lapurrak. Lau ordenagailu eraman zituzten.