ETAk joan den urtarrilean aldarrikatu zuen aldebakarreko su-eten egiaztagarri eta iraunkorra egiaztatzeko «baldintzak» betetzen direla uste du Oskar Matutek, Alternatibako eledunak. «Garrantzitsuena ez da Nazioarteko Egiaztatze Batzordea sortu izana, baizik eta sortu eta lanean hasi dela, eta hori horretarako baldintzak badaudelako gertatu dela», esan du Alternatibako kideak. «Baldintzak badaudela esan nahi du, modu batean edo bestean; gatazkaren parte diren aldeetan trabarik ez dutela aurkitu», gaineratu du.
Matutek nabarmendu duenez, batzordearen sorrera «aldebakarreko beste urrats bat da», erakunde armatuaren aldetik «egiaztatzea onartua izan dadin» eta «bake prozesuan eta irtenbide demokratikoetan sakondu» ahal izateko.
Espainiako Gobernuaren aldetik urratsik espero duen galdetuta, Matutek adierazi du azaroaren 20an egingo diren hauteskundeek aukera hori «asko baldintzatzen» dutela eta «zaila» dela, «publikoki behintzat», aurrerapausorik ikustea; hala ere, gaineratu du ez dela «ezinezkoa», «guztia oso bizkor gertatzen ari delako Euskal Herrian».
Info7 irratian eginiko elkarrizketa batean egin ditu adierazpenok Matutek, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen aurkezpenaren biharamunean. Herenegun kaleratutako prentsa ohar baten bidez aurkeztu zuten euren burua batzordeko kideek. Nazioarteko bake prozesuetan nahiz segurtasun gaietan esperientzia handia duten sei pertsonak osatzen dute taldea, eta haien helburua da ETAren su-etena egiaztatzeko lanean jardutea, «lan serio eta zorrotza eginez». Horretarako, «euskal gizarteko elementu posible guztiekin» lan egingo dutela adierazi dute.
Ram Manikkalingam Irlandako INLA talde armatuaren desarmerako negoziazioen bitartekari lanetan aritutako srilankarrak eta batzordeko kideak Efe berri agentziari eskainitako elkarrizketa batean jakinarazi duenez, hainbat alderdi politikorekin, sindikaturekin, Confebask enpresaburuen elkartearekin eta euskal Elizako ordezkariekin bildu dira batzordeko kideak, eta PSE-EEri eta PPri bilerak eskatu dizkiete. Manikkalingamek adierazi duenez, ez dute ezezkorik jaso bi alderdi horien aldetik. «Harreman eta ikuspuntu trukaketa hauen bidez jakin ahal izango dugu su-etenaren baldintzak benetan betetzen dituen ETAk».
Hori da, hain zuzen ere, batzordearen lehen helburuetako bat, Manikkalingamek azaldu duenez. «ETAren aldetik bermeak nahi ditugu batzordeak su-etenari buruz egiten duen interpretazioa onartzen duen edo ez ikusteko».
Adierazi duenez, batzordeak ez du zuzeneko harremanik izan erakunde armatuarekin, «agerikoak diren elementu operatiboak» daudelako. Gai horretan gehiago sakondu nahi izan ez duen arren, Manikkalingamek nabarmendu du aurrera begira batzordearentzat garrantzitsua dela Espainiako Gobernuarekin «harreman onak» izatea. «Gauzak nola doazen eta su-etenaren egoerari buruz ideia eguneratuagoa dute haiek».
Halaber, Manikkalingamek adierazi du batzordearen lana ez dela izango bakarrik ETAren jarduera armaturi buruzkoa. «Helburu politikoekin egindako eraso fisikoak, mehatxuak eta larderia kasuak» ere aintzat hartuko dituztela azaldu du.
Presoen erabaki «historikoa»
Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen sorrerarekin batera, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak hartutako erabakia izan da aste honetan erreakzio soka luzea ekarri duen beste gertakaria. Eragile guztiek, Espainiako Gobernua barne, «urrats garrantzitsutzat» jo dute presoen kolektiboak Gernikako Akordioarekin bat egin izanak. Antzeko hitzak erabili ditu Francisco Javier Velazquez Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren zuzendariak SER irratiari eskainitako elkarrizketa batean. «Bake bidean aurrerapauso baikorra da», esan du, eta egoera «nabarmen» aldatu dela gaineratu du.
Josu Erkoreka EAJk Espainiako Kongresuan duen eledunak, berriz, nabarmendu du presoen kolektiboak erabaki «historikoa» hartu duela eta horrek ETAren amaiera «gerturatzen» duela.
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiarentzat ere, «oso garrantzitsua» da EPPK-k Gernikako Akordioarekin bat egitea, eta erabakiak ondorioak ekarriko dituela adierazi du.
Matutek adierazi du betetzen direla su-etena egiaztatzeko baldintzak
Uste du egiaztatze batzordearen sorrera beste urrats bat dela «bake prozesuan eta irtenbide demokratikoetan sakontzeko»Batzordeak «bermeak» nahi ditu ETAren aldetik, Manikkalingamek azaldu duenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu