Angela Rodriguez Pam. En Mareako diputatua Kongresuan

«Matxismoarekin gertatzen ari denetik urrunduta dago ituna»

Diputatua kritiko mintzatu da Espainiako Kongresuak berriki onartu duen genero indarkeriaren aurkako itunarekin. Besteak beste, sexu indarkeria ahaztu eta berdintasun politikak alboratu izana gaitzetsi du.

BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2017ko urriaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azkenean 213 neurri bildu ditu genero indarkeriaren aurkako estatu itunak. Udan onartu zuen Espainiako Kongresuko Berdintasun Batzordeak, eta duela bi aste eman zion oniritzia osoko bilkurak. Kritiko mintzatu da, ordea, Unidos Podemos, En Comu Podem eta En Marearen blokea: abstenitu egin dira. Angela Rodriguez Pam diputatuak (Pontevedra, Galizia, 1989) nabarmendu du onartutakoa adostasunean oinarrituta dagoela, baina erantsi du akordioak gabeziak dituela.

Genero indarkeriaren aurkako ituna onartu eta hurrengo egunetan bi hilketa matxista izan dira Hego Euskal Herrian. Zer ari da huts egiten?

Nahiko ezkorra naiz: uste dut Espainiako Estatuan matxismoarekin orain gertatzen ari denetik nahiko urrunduta dagoela ituna. Lehen aldia da Kongresuan halako akordio bat erdiesten dela, ez gehiengoen bidez, baizik eta kontsentsuz; baina txostenean adostu dugunak ez du inolako translaziorik izan gizartean, eta horrek agerian uzten du zein handia den instituzioen eta kalearen arteko deskonexioa. Adibidez: itunean adostutakoarekin, bazegoen aurrekari bat orain arte ezkutuan egondako biktima batzuk ikusgai jartzeko eta indarkeria matxistaren biktimatzat hartzeko, baina azken hilabeteetan hildako andre batzuk ez dira hala zenbatu.

Arazoa dago, nolabait, paperean jarritako neurriak errealitatera ekartzeko?

Neurriak aplikatzeko arazo bat badago, baina batez ere borondate politikoko arazo izugarri bat dago. Esaterako, administrazioko zein justiziako langile askok jaso dute trebakuntza genero indarkerian. Baina auzia atzerago dago: matxismoa egiturazkoa da, eta estatu itunak erro horretara jo behar zuen.

Aurrerapausoak ere aipatu dituzue; nabarmenena, emakumeek ez dutela salaketarik jarri beharko biktima izendatzeko. Zein eragin izango du horrek?

Erkidegoek egokitu behar dute neurri hori, eta, beraz, bakoitzaren araberakoa izango da. Izatez, erkidego batzuetan aplikatuta dago jada: emakumeak gizarte zerbitzuetara joan daitezke edo laguntzak jaso ditzakete, salaketarik jarri gabe. Eta toki batzuetan aztertzen ari dira seme-alaben zaintzan behin-behineko neurriak hartzea agindu judizialik gabe, gizarte zerbitzuen agirien bidez. Andre askok ez dute salaketarik jarri nahi, ez dutelako bizi nahi prozesu judizial batek dakarren etengabeko biktimizazioa, edo arriskutsua delako, edo ez dutelako laguntza nahikorik. Neurri horrek dezente erraztuko die euren egoerari aurre egitea, eta batez ere erreparazio prozesu bat abiatzea, hori baita inportanteena biktima batentzat.

Biktimen seme-alabak ezkutuan egon dira duela gutxira arte, baina azken urteetan garrantzi handiagoa eman zaie. Dena den, erresistentzia handiak agertu dira onartzeko tratu txar emaileak ez direla aita onak. Eztabaida heldu baterako baldintzak ikusten dituzu?

Oso eztabaida konplexua da. Bat nator esan duzunarekin: tratu txarrak ematen dituen gizon bat ez da aita ona. Hori da abiapuntua, baina debatea zailagoa da. Errazena da pentsatzea konponbidea izango dela tratu txar emaileei beti zaintza kentzea, baina kontuan hartu behar dugu genero indarkeria oso zabala dela: ezin da berdin jokatu arau-hauste arin bategatik kondenatutako batekin eta emaztea hiltzeagatik zigortutako batekin. Eztabaida hori ireki egin behar dugu, ez delako bidezkoa kasu guztietan neurri berberak aplikatzea: kontrol ekonomikoak ez du zerikusirik indarkeria psikologikoarekin; biak dira bortizkeria, baina oso ondo zehaztu behar du noiz eta nola erretira dakiokeen erasotzaile bati seme-alaben zaintza.

Azkenean genero indarkeriaren definizioa ez da legez zabaldu.

Bai, haustura arrazoi bat izan zen. Oso argi genuen Istanbulgo hitzarmenak izan behar zuela abiapuntua; ezin genuen onartu estatu itun batek ez barneratzea Europako Kontseiluaren gomendioak, baina hor ere erresistentziekin egin genuen topo. Kontakizun bat onartu da, esaten da gauza asko direla emakumeen aurkako indarkeria, baina neurrietan sekulako aldea dago bortizkeria motaren arabera: zure senide batek bortxatzen bazaitu, askoz laguntza gutxiago izango dituzu, senarrak jotzen bazaitu baino. Oker politiko oso handia da. Itunak indarkeria sexuala ahaztu du: ez dago bermerik bortxa sexuala jasan duten emakumeek beren egoera konpondu ahal izateko.

Beste lege bat egin beharko litzateke?

Guk proposatu genuen beste lege esparru bat lantzea, indarkeria matxista zer den esplikatzeko eta gero arau zehatzen bidez garatzeko: bortxa sexuala, emakumeen salerosketa... Hala, 2004ko lege organikoa tratu txarren esparrurako geratuko litzateke. Baina ez zegoen adostasunik, batez ere PSOErekin. Iruditu zitzaigun ez dutela pausorik eman nahi haiek gobernuan ez badaude, beti kapitalizatu dutelako genero indarkeriaren aurkako borroka.

Itunak aurrerapausoak dituela onartu arren, zuen blokea abstenitu egin zen. Zergatik?

Neurri asko falta ziren, ez zitzaigun nahikoa iruditzen. Baina, oinarrian, uste dugu ikuspegiak berak huts egiten duela, berdintasun politikarik ez dagoelako. Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunek elikatzen badute indarkeria matxista, berdintasun politikak hobetu ezean ez dugu desagerraraziko gizon batek emakume bat gutxiago balitz bezala tratatzeko duen ahalmena. Beste alderdiak ez dira bat etorri; uste dute ez dagoela loturarik indarkeria matxistaren eta berdintasun politiken artean. Horrez gain, adostutakoa aplikatzeko bermeak nahi genituen: egutegi bat eta baliabide ekonomikoak. Egutegiari ez diote heldu nahi izan, eta diruaren alorrean, mila milioi euro jarri dituzte. Kopuru handia dirudi, baina bost urtean banatuta, udal bakoitzari 2.000 euro inguru geratzen zaizkio urtean. Ez da apustu serioa.

Ituneko neurrien artean, zeinek behar luke lehentasuna?

Nire ustez, garrantzitsuena da biktimen arretarako zerbitzu onak edukitzea, batez ere udaletan: indarkeria matxistari hor egiten zaio aurre. Hortaz, lehentasunezkoa litzateke udalek berdintasuneko eskumenak berreskuratzea, eta udalei zuzeneko finantzaketa ematea, zerbitzuak martxan jartzeko eta teknikariak kontratatzeko. Baina, zoritxarrez, uste dut itunaren aplikazioa ez dela ildo horretan joango. Iruditzen zait PPk eta PSOEk batik bat zifrei erreparatzen dietela, eta, datuak edukitzeko, arlo judizialeko neurriei emango dietela lehentasuna: aitortzaren aringarria kentzea eta halakoak. Guk ez dugu bide horrekin bat egiten: indarkeria matxista giza eskubideen urraketa bat da, eta ez da bide judizialetik konpontzen, edo ez behintzat hortik bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.