Nicolas Bonnemaison medikuari bere ogibidean jardutea galaraztea ebatzi du Xavier Bertrand Frantziako Osasun ministroak. Zortzi eutanasia kasutan parte hartu izana leporatzen diote Baionako sendagileari, eta jakitera eman du bederatzigarren kasua aztertzen ari direla.
Gizarte Aferetarako Ikuskaritzak Baionako erietxeari buruz egindako txostenaren ondorioz hartu du erabakia Bertrandek. Bonnemaisonen zaindaritzapean egon diren hemezortzi pertsonaren kasuak aztertu ditu ikuskaritzak, ikusteko haien heriotzetan parte hartzerik izan zuen Bonnemaisonek. Joan den abuztuaren 12an auzipetu zuten Bonnemaison; pertsona zaurgarriak pozoitzea leporatzen diote.
Irail erditsutan, Paueko helegite auzitegiak kasua aztertu zuen, eta baldintzapean aske uztea deliberatu. Osasun arloan jarduteko debekua jakinarazi zion sendagileari; eta orain hori berretsi du ministerioak. Bere lankideekin harremanetan sartzeko debekua ere ezarri zion epaileak. Geroztik, Pirinio Atlantikoetan bizitzea debekatua du.
Hala ere, osasun administrazioaren arabera, Bonnemaison egoera aktiboan zegoen, osasun alorreko araudiek horrela agintzen dutelako. Egoera hori zuzentzeko asmoz hartu du erabakia Frantziako Osasun ministroak.
Ebazpen hori jakinarazi aitzin, Bertrandek Gizarte Aferetarako Ikuskaritzaren txostena aztertu du. Lanbide sekretupean eta Bonnemaisonen ardurapean egon diren kasu guztiak aztertu ditu batzorde horrek, banan-banan. Baionako egonaldi laburretako zerbitzuetako hemeretzi kasu aztertu dituzte. Batzordeak azpimarratu du bederatzigarren kasu susmagarri bat atzeman dutela. Eriari Curare izeneko produktua eman ziola agertu bide da txostenean, eta, sendagileen arabera, hori egiteko ziorik ez zegoen.
Frantziako Osasun ministroak nabarmendu du sendagai horren erabilera terapeutikoa ez dagoela inon onarturik. «2005eko apirilaren 25eko legeak sedazio molde bakar bat onartzen du, bizitza horrela etetea eragin dezakeena», azaldu du. Bide batez, Osasun ministroak azpimarratu du orain artean Baionako erietxeak ez zuela egin kasu horren jakinarazpenik. Bertze alde batetik, osasun zentroan Bonnemaisonek gidatzen zuen zerbitzuan funtzionamendu arazo ugari atzeman dituztela ere adierazi du ikerketa egiten ari den batzordeak.
Abokatuaren ukazioa
Bonnemaison sendagilearen abokatuak bederatzigarren kasurik ez dagoela azaldu du, horren berri izan bezain laster. Kasu hori inongo prozeduratan ez dela azaltzen adierazi du.
Abokatuak azaldu du ikuskaritzak nabarmentzen dituen funtzionamendu arazoek ez dutela zerikusirik eutanasia kasuekin. Bonnemaisonen kasuak Baionako erietxea inarrosi du. Hasieratik, lankide ugarik elkartasuna adierazi zioten auzipetutako sendagileari.
Joan den udaberrian eutanasia arautzeko lege proposamena aurkeztu zuten Frantziako Senatuan, baina ez zuten onartu.
Mediku jarduera galarazi dio gobernuak Bonnemaisoni
Ustez Baionako erietxeko sendagileak eginiko beste eutanasia kasu bat aztertzen ari dira; bederatzigarrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu