Medikuen elkargoa aztertzen ari da Bonnemaisonen aurkako salaketa jartzea

Irailaren leheneko bilkuran erabakiko du zer egin Pirinio Atlantikoetako medikuen elkarteak

Jendea, Baionako erietxean, Bonnemaison medikuari sostengua emateko agiria izenpetzen. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2011ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Baliteke Pirinio Atlantikoetako Medikuen Elkargoak salaketa bat jartzea Baionako Nicolas Bonnemaison medikuaren aurka, elkargoko presidente Marc Renoux-ek zehaztu duenez. Heldu den irailaren lehenean ohiko biltzar nagusia dauka elkargoak, eta orduan hartuko du erabakia. Horren harira, Bonnemaison medikua deitua du bere eginkizunak azal ditzan.

Justiziak «injekzio bidez pertsona oso ahulak pozoitzea» leporatzen dio Bonnemaison medikuari. Gaur egun baldintzapean aske da, baina ezin du mediku lanik bete. Normalki, afera bat justiziaren esku bada, medikuen elkargoak ez du eskurik sartzen. Halere, aukera bat badu salaketa bat jartzeko medikuaren aurka, Akitaniako Eskualdeko Kontseiluko diziplina aretoan. Epai dezake osagarri publikoaren kodearen eta kode deontologikoaren arabera. «Huts bat egin duela baieztatua bada. Ez da ahantzi behar mementoko errugabea dela ustez», berretsi nahi izan du Renouxek: «Epaitua bada, guk kondena dezakegu deontologiaren izenean. Izan daiteke abisu bat, gaitzespen bat edota behin-behineko kargu kentze bat». Halere, zehaztapena egin du: «Salaketa jartzen baldin badugu, prozedura judiziala bururatua ez deno ez dute ikertuko salaketa».

Renouxek azalpen horiek guztiak eman ditu elkargoak goizean bidali agiriaren oihartzun. Testuingurua dela eta, «legea baizik ez dugu gogoratzen ahal», zehazten du agiriak. Hau da, 2005eko Leonetti legea. «Baizik ez» horrekin zer erran nahi duen galdetzean, elkargoak egin dezakeen «gutxieneko eskaria legea gogoratzea» dela ihardetsi du Renouxek. «Ez gara sindikatu bat; Errepublikako instituzio bat gara». Bide batez, Leonetti legea «zinez nabarmentzekoa» dela erran du. «Biziki orekatua da. Gertakari bat delarik, segituan legea aldatzeko eskaera egiten da. Badirudi dena behar dela beti berriz ikusi, berriz hartu, eztabaida bat sortu... Eta, azken finean, egoera korapilotsuago batean sartzen gara. Eta ez dugu gehiago deus konprenitzen. Nire ustez lege hori ez da aldatzerik».

Bidali agiriak puntuz puntu azaltzen du lege hori, hain justu. Ez du behin ere zehazki izendatzen Bonnemaison medikua, baina berresten du mediku guztiek errespetatu beharreko zin hipokratikoa, osagarri publikoaren kodea eta kode deontologikoek «azken unera arte errespetatu eta babestu behar den eriaren bizia kaltetzea debekatzen dutela».

Bizia geldiarazteko edozein erabaki «borondatezko homizidio» bat da, agiriaren arabera. Erabakiak eragin jestua «larriagoa da», gainera, bakarrik egina bada, taldean ukan gogoetarik gabe, eta familiarekin aipatu gabe. «Ez dago ez pentsamendu filosofikorik, ez eta erlijiosorik, baimentzen duenik bizi baten nahitarako etenaldi bat birkalifikatzera». Agirian, gaineratu dute mina lasaitzeko betekizuna baduela mediku batek, baina mugekin: «Eriaren biziari kalte egin gabe. Horretarako medio guztiak ditugu». Beti legea aipagai, «zentzugabeko errabia terapeutikoa ekidin behar da».

Irailaren 6an, deia auzitegira

Justiziaren aldetik, inkestak bere bidea segitzen du. Bonnemaison akusatzen dutelarik lau bizi eten izanaz, lau zendu horien familiak entzuten dihardute inkesta egileek. Paueko auzitegiak irailaren 6an aztertuko du, horrez gain, Baionako prokuradoreak egin deia. Izan ere, gaur egun Bonnemaison aske bada ere, prokuradoreak preso sartzea eskatu zuen. Paraleloki, erietxeetako administrazioa ere ari da bere inkesta egiten. Ministerioei lotu zerbitzu horren lana, Baionako ospitalearen lan egiteko manera eta antolaketa arakatzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.