Injekzio bidez Baionako erietxean pertsona oso ahulak pozoitzea leporatuta auzipetuta dagoen Nicolas Bonnemaison medikuak bere lankideen aurrean hitz egin zuen herenegun, Pirinio Atlantikoetako Medikuen Elkargoan. Erakunde honek zuzenean mintzatu nahi zuen sendagilearekin. «Hari erran diodan bezala, komunikabideen bidez informazio anitz daukat, ospitaleko txostena ere badaukat eta hitz egin dut baita ere epailearekin, baina hura entzuteko beharra daukat, zuzenean mintzatu behar nion», aditzera eman du elkargoko presidente Marc Renoux-ek. Bonnemaison, lehendik ere, aski ongi ezagutzen duela nabarmendu du, eta aparteko garrantzia eman diola harekin aurrez aurre mintzatzen jarduteari.
Elkargoko presidenteaz gain, erakundeko beste hiru arduradun ere izan ziren bileran. Ordubetez hitz egin zuten. Bilera era abegitsuan egin zela azaldu du Renouxek: «Biziki ongi iragan da». Haatik, ez du zehaztu nahi izan zer ondorio jalgi zuten bileran sendagilearekin izan zuten iritzi trukaketa horretatik. Hori gaur gauean medikuen elkargoak Baionan egingo duen ohiko biltzar nagusirako atxikitzen dute. Bertan erabakiko dute Nicolas Bonnemaisonen aurkako salaketa jarriko duten.
Erabakia
Salaketa hori jartzekotan, Akitaniako Eskualdeko Kontseiluko diziplina aretoan jarriko luke sendagileen elkarteak. Honek kasua epai dezake osasunpublikoaren kodearen eta kode deontologikoaren arabera. Bonnemaisoni ezar diezaioketen zigorra,klase askotakoa izan daiteke: abisu bat, gaitzespen bat edota behin-behineko kargu kentze bat ere bai.
Pirinio Atlantikoetako medikuak batzen dituen elkargoak salaketa jartzea erabakitzen badu, justiziaren bidearen paraleloa izango prozesu hori. Bi bideek ez dute loturarik izango beren artean. Renouxek baieztatu duenez, elkargoak ez du parte zibil gisa parte hartzeko intentziorik Bonnemaisonen aurka martxan jarritako auzi juridikoan.
Medikuen elkargoak bilera bat egin du Bonnemaison medikuarekin
Gaur gauean bilkura bat dauka erakundeak sendagilearen aurkako salaketa jarriko duten erabakitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu