MEMORIA HISTORIKOA

Memoria Historikoaren legeari zigor araubidea gehitzea proposatu du Ezkerrak

Sinbolo eta aipu frankistak erretiratzeko erabakia betetzen ez dutenei zigorra ezartzea nahi du. Ezkerraren esanetan, "arazo demokratikoa" da Nafarroan oraindik ere hainbat sinbolo eta aipu frankistak bere horretan jarraitzea.

Memoria historikoari buruzko foru lege proposamena aurkeztu dute Jose Miguel Nuin Ezkerrako parlamentariak eta Iñigo Rudi Batzarreko bozramaileak. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRES
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko otsailaren 23a
19:24
Entzun

Memoria Historikoaren legea moldatzeko foru lege proposamena aurkeztu du gaur Ezkerrak. Zigor araubidea gehitu nahi dio legeari, Nafarroako eremu publikoetan sinbolo eta aipu frankistak erretiratzeari uko egiten dioten pertsona edota erakunde arduradunak zehatzeko.

Ezkerrako parlamentari Jose Miguel Nuinek azaldu du proposamenaren helburua legea osatzea dela, "gabezi bat" konpontzea. Altxamendu faxista hasi zenetik 81 urtera, "arazo demokratikoa" da, Nuinen iritziz, "kale eta eraikin askotan diktadurak ezarri zituen sinbolo eta aipuak bere horretan jarraitzea".

Nafarroako Memoria Historikoaren legea "mugarri" izan dela nabarmendu du Ezkerrak, "memoria demokratikoaren eta errepublikarraren berreskuratzean". Aldiz, "onartu ezin daitezkeen ez betetzeak" daudela ohartarazi du. Horregatik, beharrezko jo du zigor araubidea txertatzea legean.

Nafarroako Parlamentuak legea moldatzeko proposamena onartzea espero du Nuinek. "Bete-betean txertatzen da gehiengo bat ordezkatzen dugun indar politikoon programa itunean". Hala ere, proposamenak laukoa osatzen duten indarren babesa baino aldeko boz gehiago lortzeko lan egingo dutela adierazi du. "Espero dugu babesa erabatekoa izatea eta aho batez onartzea; finean, Nafarroako memoria demokratikoaz ari baikara".

Nuinekin batera neurriaren aurkezpenean izan da Batzarreko bozeramaile Iñigo Rudi ere. Nabarmendu duenez, legea onartu zenetik bost urte igaro dira, eta, ondorioz, "bada garaia" sinbolo eta aipu frankista guztiak erretiratu daitezen. Zenbait kasutan, legea betetzea "borondate politiko" kontua izan daiteke, Rudiren arabera. Egoera horri aurre egiteko, zigor araubideak legea bete nahi ez duten horiek "behartu" nahi dituela argitu du.

Sinbolo eta aipu frankistak kentzeko "egoera desberdinak" egon daitezkeen arren, kaleen izenak aldatzea alkateen eskumen esklusiboa dela adierazi du Rudik. "Ez da zertan atzerapen gehiagorik izan behar".

Legea moldatzeko proposamenak bi eratako arau hausteak zehazten ditu: larriak eta arinak. Arau hauste larrien multzoan aipatzen ditu sinbolo eta aipu frankistak ez erretiratzea, memoria historikoarekin lotutako tokiak ez zaintzea edo hari kalteak eragitea eta frankismoak desagerrarazitako pertsonenak izan daitezkeen arrastoen aurkikuntzen berri ez ematea foru administrazioari. Arinen artean zehaztu du, berriz, frankismoa babesteagatik pertsona jakin bat omentzeko elementuak jartzea.

Arau hauste larriek 2.001 eta 10.000 euro arteko isuna izatea proposatu du Ezkerrak, eta arau hauste arinak 200 eta 2.000 euro arteko isunekin zigortzea. Horrez gain, laguntza publikoak jasotzeko ezintasuna ere ezartzea proposatu du. Bi urtez, arau hauste arinen kasuan, eta hiru urtez larriak direnean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.