Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Buenos Airesen da bidaia ofizialean, eta ESMA Argentinako Armadaren Eskola Mekanikoa bisitatu du goizean, Argentinako Gobernuko Giza Eskubideen Sustapenerako idazkariorde Marisa Frescok lagunduta. Eskola militar ohia atxilotze zentro klandestinoa izan zen Argentinako diktaduraren garaian. Egun, torturaren eta legez kanpoko exekuzioen ikur da. Diktadurako biktimak oroitzeko museo bihurtu zuten 2004an. Urkulluk bisita baliatu du memoria zentroen nazioarteko sare bat sortzea proposatzeko, giza eskubideek "nazioarteko proiekzioa" izan dezaten.
Lehendakariaren iritziz, memoriari eskainitako zentroak "funtsezkoak" dira "iraganeko zauriak egiarekin osatzeko" eta etorkizunean giza eskubideen urraketa gehiago gerta ez daitezen.
Memoria zentroen nazioarteko sare bat baliagarria litzateke herrialde bakoitzak bere iraganari buruz eraiki duen memoriak eta haren "eguneraketa kritikoak" nazioartean oihartzun izan dezan, Urkulluren esanetan.
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak bere hurbileko historia gogoratu eta kritikoki berrikusteko Gogora institutua sortu dutela nabarmendu du. Institutuak "gertakaririk alboratu gabe" eta eskubide urraketen "parekatze, ordain edota justifikazio oro baztertuz" jardun duela gaineratu du lehendakariak.
"Horrek guztiak adierazten du ezin dela berriro gertatu. Elkarbizitzarako ikasgai unibertsala da. Giza eskubideak ezin dira beste ezeren menpe egon. Hiltzea gaizki egon zen. Horiek dira gure memoria hurbiletik ateratzen ditugun ondorioak, eta izaera unibertsalez partekatu nahi ditugu munduko beste herrialde batzuetako memoria zentroekin", adierazi du.
Urkulluk egun osoko agenda du Buenos Airesen. Bisitaren ondoren, lore eskaintza egingo dio Gernikako Arbolaren kimutik hazitako zuhaitzari; Maiatzeko plazan dago, Etxe Arrosaren parean. Lehendakaria Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel saridunarekin elkartuko da, eta Laurak Bat euskal etxeko kideekin ere biltzekoa da. Arratsaldean, Argentinako Diputatuen Kongresuko presidente Emilio Monzok hartuko du, eta, ondoren, herrialdeko hainbat diputatu eta senatarirekin elkartuko da.