Memoriaren mapa prestatzen ari da Donostiako Udala

2014ko azaroaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Idazki bat plazaratu du Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak bando gisara. Bakearen eraikuntzarekiko eta «elkarbizitza demokratikoarekiko» konpromisoa azaldu, eta lan horretan jarduteko erabakia hartua duela azaldu du. Hartarako, pairatu den sufrimendu guztia aitortu beharra aldarrikatu du: «Ukaezina da ETAren bortxakeriak hildako, zauritutako eta zuzenean mehatxatutako pertsona eta biktima ugari sortu dituela gure hirian. Baina hori bezain argi dago Espainiako Estatuak bideraturiko bortxakeriak hildako, zauritu, torturatu, desagertu eta abar asko sortu dituela. Horiek ere zuzenean eragindako biktimak dira».

Bortxakeria horien guztien aurka azaldu da; agintariek ez dutela zegokien neurria eman aitortu du; baztertuta edo erabilita sentitu diren biktimei «nahigabea» adierazi die; eta alde guztien sufrimenduaz konturatzeko deia egin du.

Elkarlanerako premia ere azaldu du: «Biktima ororen inguruan bat egiten ez badugu, adiskidetze prozesuek ez dute aurrera egingo». Guztiak barnebilduko dituen «oinarri sendoak» jartzeko eskatu du hargatik.

Etorkizunerako oinarriak elkarrekin jartzearen garrantziaz ohartarazi, eta horretarako «egia osoa» ezagutarazteko premia adierazi du, «bortxakeria gehiagorik izan ez dadin».

Jakinarazi du hitzetatik ekintzetara pasatuz Donostiako Bortxakeriaren Mapa egingo dutela. Lehen urratsa egina duela, gainera. «Aditu independenteei» lehen ikerketak egiteko eskatu die, eta urtarrila alderako mapa osatua prest egongo den esperantza du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.