Mende laurdena zain

Senideentzat eta lekukoentzat Mikel Zabalza Intxaurrondon torturatuta hil eta haren gorpua Bidasoa ibaira bota zutela da bertsio sinesgarri bakarra.

Koldo Aldabe.
2010eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Duela hogeita bost urteko azaroaren 26ko goizaldeko 02:30 inguru ziren. Intxaurrondoko kuarteletik landa, Mikel Zabalza bizirik azkenekoz ikusi zuten unea. Donostiako Altza auzoko haren etxean sartu ziren guardia zibilak, eta atxilo hartu zuten. Ordutik aurrerakoa, abenduaren 15ean Zabalzaren gorpua agerrarazi zuten arte, guardia zibilen eta Espainiako Barne Ministerioaren bertsio sinesgaitzen gainetik, Intxaurrondoko kuarteleko historiaren kapitulu beltzetako bat idatzi zela nagusitu zen herritarren artean, baita alderdi politiko eta eragile gehienen artean ere. Lau urte ziren Joxe Arregi Izagirre Madrilen torturatu eta hil zutela.

Enrique Rodriguez Galindo, Angel Vaquero, Felipe Bayo eta Enrique Dorado Villalobos Intxaurrondoko kuartelean ziren, eta Jose Barrionuevo zen orduan Espainiako Barne ministroa.

Guardia Zibilaren arabera, atxilotu etahiru ordura, Endarlatsara eraman zuten Zabalza, hark «bere borondatez» aitortutako armaz betetako ustezko zulo baten bila. Tunel bateko zulo baten ondotik igarotzen ari ziren unean, Zabalzak, eskuak bizkarrean loturik eduki arren, «ihes egin zien», zulotik Bidasoa ibaira «jauzi» eginez.

Hasieratik sinesgaitza bazen, bertsio hori berehala desmuntatu zuten Zabalzarekin batera atxilotu zituzten hiru lagunek, Idoia Aierbek, Manuel Bizkaiketa Jon Arretxek, hamar egun ziegetan igaro ostean libre geratu zirenean. Hirurek salatu zituzten tortura bortitzak, eta Zabalzaren oihuak ere entzun zituzten, baten arabera 06:00 arte gutxienez. Idoia Aierbek, Zabalzaren neska-lagun zenak, bitan ikusi zuen mutil-laguna Intxaurrondon; lehenbizikoan eskuak atzean lotuta eta buruan plastikozko poltsa zuela, eta bigarrengoan lagunaren tankerako gorputz bat ikusi zuen ohatila batean estalita, eta bi guardia zibili «oso gaizki dago» esaten entzun zien.

Ebakuntzatik osatu berria

Berekin batera atxilotutakoek torturak jasan zituztela jakinda, erraza zen ondorioztatzea Zabalzak ere patu bera izan zuela. Zabalzak, Joxe Arregik bezala, osasun arazoak zituen. Bizpahiru ebakuntza izan zituen, eta azkenekotik osatu berria zen; ez ziren hiru egun ere senda-agiria jaso eta lanera itzuli zela -autobus gidaria zen-.

Kalean, herritarrak hasiak ziren Mikel Zabalzari jazo zitzaiona argitzeko eskatzen; Donostiako Udalak ere argibideak exijitu zituen. Epaileak, azkenik, abenduaren 7an agindu zuen Bidasoa ibaia dragatzea, Endarlatsako inguruetan. Gurutze Gorriko urpekariak hiru egunean ibili ziren etenik gabe gorpuaren bila. Alferrik, ordea. Han gorpurik ez zegoela ondorioztatu zuten. Urpekariek miatutako leku berean aurkitu omen zuten guardia zibilek Zabalzaren gorpua, abenduaren 15ean, Barrionuevok «agertuko da» agindu eta hiru egunera; guardia zibilak baino ez zeuden momentuan izan zen aurkikuntza.

25 urte dira ordutik. Eta mende laurden honetan ardurak argitu daitezen ahaleginean aritu direnentzat kolpe gogorra izan liteke Donostiako Auzitegiak hartutako erabakia. Ardurak argitzea, ordea, ez da horretan dihardutenen eskakizuna soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.