Besteak beste, gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru) antolatuta manifestazioak egin dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eguerdian. Bilbon Plaza Eliptikotik atera da; Donostian Bulebarretik; Gasteizen Andre Mari Zuriaren plazatik eta iruñean Udaletxe plazatik. Prekarietatearen aurrean emakumeok eredu berri bat izan da aukeratu duten leloa, eta krisiak emakumeak gogorrago astintzen dituela salatu dute.
Bilboko manifestazioan Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak eta Ainhoa Etxaide LABekoak parte hartu dute. Nolanahi ere,ELAren izenean Amaia Muñoa idazkari nagusiaren ondokoa mintzatu da komunikabideekin, eta adierazi du krisi garaian emakumeen bazterketa areagotu ergin dela, hain zuzuen ere, planteatu diren lan merkatuaren eta pentsio sistemaren erreformek ondori larriagoak eragiten dizkielako emakumeei. Ildo beretik, Saloa Ibeas LABeko Emakumearen Arloko arduradunak erreforma horiek gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna aregotu egingo luketela salatu du.
Mundu Martxa abian
Horrez gain, Emakumeen Mundu Martxa gaur iluntzean abiatuko da 19:30ean Gaztelu Plazatik, etahara eta hona ibiliko da Euskal Herri guztian andrazkoen aldarrikapenak zabaltzen, harik eta martxoarne 13an berriro Iruñean amaituko den arte. Emakumeen Mundu Martxa nazioarteko mugimendua da, eta beste hainbat herrialdetan ere egingo dituzte Euskal Herrikoaren antzerako ekimenak. Gurean martxaren lau aldarrikapen nagusiak honakoak dira: emakumeen aurkako bortizkeria salatzea, sexu eta ugalketa eskubideak aldarrikatzea, prekarietatea gaitzestea eta elikadura autonomiaren alde egitea. Hainbat talde eta sindikatu daude Mundu Martxaren Plataforman, horien artean Bizkaiko Emakume Asanblada, Bilgune Feminista, Andere Bidatz eta Hazparneko (Lapurdi) Emazteek Diote.
Lilatoi arrakastatsua
Donostian atzo egin zen emakumeen kirola sustatzea xede duen Lilatoi lasterketa. Inoiz baino arrakastatsuagoa izan zen, bi mila emakumek parte hartu baitzuten -iaz baino 700 gehiagok-. Eguraldi eguzkitsua lagun oso giro onean igaro zen. Iratxe Aranburuk irabazi zuen 5 kilometroko lasterketa.
Emakumeen nazioarteko eguna
Mende oso bat aldarrika
Aurten betetzen dira ehun urte Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen hasi zenetik. Urte horietan guztietan aurrerapenak egin dira hainbat lekutan eta hainbat arlotan, baina andrazkoen eskubideak urratu egiten dira oraindik. Hori dela-eta, aldarrikapen eta salaketa ekitaldi ugari egin edo egingo dira gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu