GIZARTEA

Mendekoek zaintzaleak har ditzaten, laguntza handituko dute Gipuzkoan

12.500 pertsona daude mendekotasunen batekin herrialdean, eta horiek jaso ahalko dute laguntza handiagoa. Gehienezko kopuruak: mendekotasun larria dutenentzat, 834 euro; arina dutenentzat, 300.

2013ko urtarrilaren 23a
15:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Mendekotasuna aitortua duten pertsonek laguntza handiagoa jasoko dute Gipuzkoan, zaintzaileak hartzen badituzte. Diputazioak iragarri du gehienezko laguntzak handitu egingo dituela zaintzaileak hartzea sustatzeko. Hona gehienezko kopuruak: 834 euro mendekotasun larria dutenentzat; 300 euro arina dutenentzat. Foru Aldundiak bi helburu batean egin nahi ditu erabaki horrekin: batetik, mendekotasuna dutenek etxean jarraitu ahal izatea, eta, bestetik, enplegua sortzea. Aurreikuspenen arabera, 600.000 euroko gastua ekarriko du neurriak, eta 163 kontratu egingo dira.

Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak eman du erabakiaren berri. Adierazi du ezintasunen bat duten pertsonei laguntzeko bi alorretan ari dela lanean foru aldundia: egoitzak eta eguneko zentroak sustatzen —250 leku gehiago sortu dituzte— eta etxeko laguntza indartzen —zaintzaileak hartzeko laguntzak handituz orain—.

Mendekotasun Legea murrizketen jomugan dagoen garaian iritsi da Gipuzkoako Diputazioaren erabakia. Espainiako Gobernuak %15 murriztu ditu laguntzak, eta legea bera kolokan jarri du, bideragarria ez dela esanda. Osasun Ministerioa aztertzen ari da zein aldaketa egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.