Murrizketak Mendekotasun Legean

Mendekoen bizkar dirua aurreztuz

Espainiako Gobernuak ia beste hiru mila milioi euro aurreztu nahi ditu datozen bi urteetan, Mendekotasun Legean mozketak egindaBruselari bidalitako planaren arabera, legea «eraginkorragoa» egin nahi du Madrilek

Autismoa du Isabel Arboniesen semeak. Irudian, biak ageri dira, Iruñeko plaza batean. LANDER FDEZ. ARROIABE / ARP.
ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Inoren beharra duten pertsonentzako laguntzetan murrizketa gehiago egingo ditu datozen bi urteetan Espainiako Gobernuak. Hala jasotzen da Europako Batzordera igorritako datozen bi urteetarako aurrekontu plangintzan. Zehazki, 2.864 milioi euro aurreztu nahi ditu: 1.391 milioi datorren urtean, eta 1.473 milioi hurrengoan. Mendekotasun Legeak eskaintzen dituen baliabideak «arrazionalizatu» nahi dituela dio Espainiako Gobernuak. Hiru helburu ditu Madrilek: sistemaren iraunkortasuna bermatzea, berehalako gastu murrizketa lortzea eta sistema sinpleagoa egitea.

Aurten jada 160 milioi euro aurreztuko ditu, %15 gutxituko baititu zaintzaileentzako diru laguntzak. Espainiako Gobernuaren apustua da mendekoak egoitzetan artatuak izatea, eta ez etxean. Eguneko zentroetan edo propio prestatutako egoitzetan dituzten mendekoen senideei zaintzagatik jasotzen duten laguntza kenduko diete. Horren bidez, laguntzak mendekoentzat direla bermatu nahi dute, eta iruzurra galarazi.

Gainera, senideak etxean zaintzen jarraitzen dutenei gizarte segurantzaren %15 baino ez die ordainduko Espainiako Gobernuak, eta gehienez abendura arte. Hortik aurrera beren poltsikotik ordaindu beharko dute. Horrekin, urtean 330 milioi aurrezteko asmoa dute. Zainketagatik senideek jasotzen dituzten gehienezko eta gutxieneko laguntzen kopuruak murriztu egingo ditu Espainiako Gobernuak. Aurrezpena: 572 milioi.

Laguntzak bideratzeko eskumena autonomia erkidegoena bada ere, Espainiako Gobernuak bateratu egin nahi ditu horiek banatzeko irizpideak. Azken batean, mendeko guztiek gainditu behar dituzten azterketak berdinak izatea da helburua. Sistema «murriztu eta sinplifikatu» egin nahi du. Hori lortuta, datorren urtean 54 milioi euro gutxiago gastatzea espero du, eta 2014an 72 milioi gutxiago.

Bestalde, Mendekotasun Legeak eskaintzen dituen zerbitzuengatik gehiago pagatu beharko dute onuradunek. Hori da, behintzat, Espainiako Gobernuaren asmoa. «Oreka bat» ezarri nahi dute bataren eta bestearen artean. Gaur egun, zerbitzuen %10 ordaintzen dute, eta %15 pagatzea nahi dute. Horrekin, datorren urtean 339 milioi aurreztea espero dute, eta 403 milioi 2014. urtean.

Laguntza onartu eta hura jasotzen hasten diren artean dagokien diruaren ordainketa atzeratu edo bertan behera utziko dute; modu horretan, 96 milioi euro gutxiago gastatuko dituzte urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.