Mendekotasun Legeari eusteko asmotan

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskumenak baliatuko dituzte mozketak ez ezartzeko

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak Mendekotasun Legean egin asmo dituen aldaketen gainetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioek alor horretan dituzten eskumenak defendatuko ditu Eusko Jaurlaritzak. Hala iragarri du Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburu Gemma Zabaletak. «Mendekotasun Legearen aplikazioa atzeratzearen edo etetearen aurka gaude. Adinekoen kopurua handituz doa, eta beharrak gero eta handiagoak dira». Zabaletak gogorarazi du Jaurlaritzaren apustua dela familiei laguntza eta babesa ematea mendekoak etxean bertan artatuak izan daitezen.

Autonomia erkidegoetako ordezkariekin batzartuko da gaur Espainiako Gobernuko Osasun ministro Ana Mato, legean egingo dituzten aldaketak azaltzeko. Matoren arabera, egungo eredua ez da iraunkorra. Aurreko astean jada aurreratu zituen asmoetako batzuk. Besteak beste, aldaketak egin nahi dituzte laguntza jasotzeko mendekotasuna dutenei egiten zaizkien azterketetan. «Autonomia erkidego guztietan berdinak izatea». Gainera, kendu egingo dute orain arte zaintzaileei ematen zitzaien laguntza zuzena. Hemendik aurrera, berriro ere gizarte zerbitzuek jaso eta kudeatuko dute laguntza hori.

Zabaletari ez zaio egoki iruditzen familiek zuzeneko laguntza ez jasotzea. «Diru hori zaintzaileak jasotzen duela kontrolatu behar da, hori hala dela bermatu».

Gipuzkoako Foru Aldundia ere Espainiako Gobernuaren asmoen aurka azaldu da. Ander Rodriguez Gizarte Gaietarako diputatuak berretsi du ez dituztela legean egingo diren aldaketak aplikatuko. «Aldaketak egin behar dira, baina Espainiako Gobernuak egin asmo dituen kontrakoak». Rodriguezen arabera, Espainiako Gobernuak «hil» egin nahi du Mendekotasun Legea. Espainiako Gobernuak Gizarte Segurantzarekin duen hitzarmena apurtzea iruditu zaio kezkagarriena. Hitzarmen horri esker, kotizazioa ordaintzen zaie beste lanik ez duten zaintzaileei. «Ez dugu eskumenik alor horretan».

Bizkaiko Foru Aldundiak uste du Espainiako Gobernuak ez duela sinesten Mendekotasun Legean. «Babes sistema oso bat apurtu nahi du. Ez du legea betetzen, eta eskumenak urratzen ari da», esan du Gizarte Gaietarako diputatu Pilar Ardanzak.

Jaurlaritzak eta hiru aldundiek bilerak egin dituzte azken asteetan, egoera aztertzeko. Guztien asmoa da baliabide propioak erabiltzea MendekotasunLegean eman daitezkeen murrizketei aurre egiteko. Besteak beste, gaurko bileran Matori proposatuko diote Oinordekotzaren Zergaren bidez biltzen den dirua laguntzak finantzatzeko erabiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.