Mendi artean hasten da gizarteratzea

Epaileak adingabeei ezarritako zigorrak betearazteko, Txema Finez zentroa inauguratu dute Aramaion. Hamar gazterentzako eta hemeretzi langilerentzako tokia du.

Txema Finez zentroa, kanpotik ikusita. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Aramaio
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Hemen sartzen zaren egunean zure irteera prestatzen hasten zara». Esaldi horrekin egingo dute topo Txema Finez Gazteen Justiziako Heziketa Zentrora heltzen diren adingabeek, oraindik ere idatzita ez dagoen arren. Hain zuzen ere, atzo bertan inauguratu zuen zentroa Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak, epaileek adingabeei ezarritako barneratze zigorrak bete ditzaten.

«Ez da batere erraza toki hau aurkitzea», aitortu zuen Mendiak inaugurazio ekitaldian. Hain zuzen ere, barneratze zigorra bete behar duten adingabeen gizarteratzea helburu duen zentro hori Eguzkierripa mendiaren hegalean kokatuta dago, Aramaion (Araba). Ez da lehen aldia halako zentro bat bertan dagoena, 2008ra arte Mendixola zentroa bertan egon baitzen. Ordea, zentro hori guztiz zaharberritu, inguruko azpiegiturak egokitu, eta berriro ireki dute.

Hamar adingaberentzako tokia du zentroak, baina ez dituzte eguneko 24 orduak bertan emango. Hau da, Txema Finez zentrora heltzen diren adingabeek zentrotik ateratzeko aukera izango dute, ikasi edo bestelako ekimenetan parte hartzeko; betiere, epaileak ezarritako baldintzen arabera. Gizarteratze prozesuak laguntzeko hemeretzi langile izango dira, eta horiek egingo dute adingabeen jarraipena.

«Zentro honetara ekarriko dituzten jokabideetan eragitea da helburua, ateratzen direnean akats horiek errepika ez ditzaten», azaldu du Patxi Lopezek, Gazteen Justiziako Zerbitzuen buruak. Horretarako, kontratu zehatz bat sinatuko dute adingabe bakoitzarekin, eta hartzen diren erabakien erabilgarritasuna eta bilakaera aztertuko dutela azaldu du, betiere familiarekin elkarlanean.

Negutegia eta tailerra

7.600 metro koadroko lur sail batean dago zentroa, zaharberritutako XVIII. mendeko baserri batean. 1.157 metro koadro erabilgarri ditu eraikinak, eta bertan daude sukaldea, jangela, ikasgela, egongela, negutegia, tailerra eta gimnasioa. Adingabeentzako ziegak langileen solairu berean daude, bi aldetan banatuta. Guztira ia 2,9 milioi euro eman ziren zentroaren zaharberritze lanak egiteko eta Aramaioko eraikin horrek aspaldi hasi zuen bideari jarraituz beste aro bat hasteko.

Garai bateko Mendixola zentroak okerreko bilakaera izan zuela gogorarazi du Asier Agirre Aramaioko alkateak. Mendixola izeneko zentroa Arabako Aldundiaren ardurapean egon zen 1994ra arte. Orduan herriaren eta zentroaren artean harremana zegoela nabarmendu du Agirrek. «Zerbitzu egokia ematen zuen, eta herria ere inplikatzen zen». Noizean behin arazoak egon arren, zentroko adingabeak kiroldegira jolastera joaten ziren, eta Aramaioko gazteekin harremana zuten.

Zentroa Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren ardurapean gelditu zenean, 1995ean, orduko harremana eten, eta tentsioak hasi ziren. «Espetxe moduan hasi zen funtzionatzen, eta dena aldatu zen». 2008. urtera arte egon zen irekita zentroa. Orduan hustu zuten eraikina, zaharberritzeko.

Bizitzeko baimenik gabe

Zentroko hezitzaileak eta profesionalak gaur bertan hasiko dira lanean, baina oraindik argitzeko dago bertan lotan gelditzeko aukera izango ote duten ala ez. Atzo bizitzeko baimenik gabe zeuden oraindik. Gaur bertan bilduko da Aramaioko Udaleko Hirigintza Batzordea baimena emango dioten edo ez zehazteko. «Arazorik ez badago, onartuko da, baina teknikariek arazoren bat ikusten badute, atzeratu egingo da azken baimena», azaldu du Agirrek.

Mendixola zentroaren zaharberritze lanek eztabaida sortu zuten. Alde batetik, zentroaren itxiturak araudiak zehaztutako gehienezko neurria gainditzen zuela salatu zuen udalak. Horrez gain, bertara joateko errepidearen saihesbide bat eskatu zuten, zentrora joateko errepidea herriko plazatik igarotzen baitzen. Hasiera bateko ezetzaren ostean, zentroko langile, polizia eta adingabeak bertara eramaten dituzten ibilgailuentzat saihesbide bat egin zen. Ordea, zentro berria martxan jartzen den arte ezingo da jakin adostutakoa beteko ote den ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.