hizkuntz eskolen zuzendaria

Mendozak atzera egin, eta jarraipen batzordera deitu du EH Bilduk

UPNren kritikak jaso ondoren, Hezkuntza Departamentuak atzera egin du Hizkuntz Eskolen bulegoko buruaren izendapenean. Mendozak ukatu egin du presioen eraginez harturiko erabakia izan denik.

Jose Luis Mendoza Nafarroako Hezkuntza kontseilaria. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2015eko urriaren 10a
18:19
Entzun

UPNk berehala baliatu du zirrikitua. Atzo, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Hezkuntza Departamentuak Imanol Haranburu izendatu zuela Hizkuntza Eskolen eta Egiaztapenen bulegoko buru izateko. Berehala, UPNk salatu zuen gobernuak "ETAko kide ohi bat" jarri zuela Hezkuntzako goi kargu batean, eta "terrorismoaren biktimekiko sentsibilitaterik eza" erakutsi duela. Handik gutxira, foru agindu bidez, Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariak atzera egin zuen. Jarraipen batzordea berehala biltzera deitu du.

Gaur, Manuel Irujo sarien ekitaldian, Mendozak ukatu egin du erabakia presioen eraginez harturiko izatea; "nire erabaki pertsonala izan da", erantsi du. 

Euskal Filologiako lizentziaduna da Haranburu. Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean euskara departamentuko burua izan zen 2011ko irailetik 2012ko irailera, eta, 2012az geroztik, Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskara departamentuko burua zen.

Curriculum hori izanik ere, hura izendatzea kritikatu zuen UPNk. Oharrean zioen Haranburu 1988an atxilotu zutela ETAko kide izatea egotzita, eta 21 urteko espetxe zigorra ezarri. 2003an Nafarroako Parlamenturako AuB ren zerrendatan 17. postuan aurkeztu zela gaineratu du: "Ibilbide horrek beste behin erakusten du, ez soilik gobernuaren izaera politikoa, euskal nazionalismoak Nafarroako hezkuntza kontrolatzeko duen obsesio kezkagarria baizik".

ETAren hizkiak agertzearekin batera, UPNren kritikek oihartzun zabala izan zuten hedabideetan, eta, handik ordu gutxira, Hezkuntza Departamentuak atzera egin zuen. "Erabaki horrek ez ditu zalantzan jartzen herritar orok gizartearekin dituen zorrak bete ostean dituen eskubide zibilak. Aitzitik, egoera horrek galarazi egiten du kargu horretarako konfiantza ematea", arrazoitu du Mendozak.

Erabakiak berehalako erreakzio katea eragin zuen. EH Bilduko Adolfo Araizek Mendozaren erabakia kritikatu zuen Twitterren, eta kontseilariak Nikaraguan izandako esperientzia ekarri zuen gogora: "Mendozak dimisioa eman beharko luke iraganean sandinista izan zelako? Hipokrisia gutxiago". Aurrerago, beste txio bat jarri zuen: "Mendozak egin du UPNko Kontseilaria egitera ausartu ez zena. Onartezina. Sorginen ehiza berria?".

EH Bilduk larritzat jo du

EH Bilduk larritzat jo du izendapena bertan behera uztea, "UPNren presioari men egitea baita". Koalizioaren ustez, "eskubide zibil eta politikoak bermatzea aldaketaren gobernuaren zutabeetako bat da, eta erabaki horrek eskubide hau kolokan jartzen du". Horregatik, akordio programatikoaren jarraipen batzordearen berehalako biltzeko eskatu du.

LABek azpimarratu du Haranburu "eskubide osoko herritarra" izateaz gain, profesional ona dela. "Honela zigortzeak ez du inolako logika profesionalik. Are gehiago, preso ohi guztiek duten aukera berdintasun printzipioaren aurka doa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.