indarkeria matxista

Mercedes Galdeano Gurrea

Aiegi, 2004ko ekainaren 30a.

2004ko ekainaren 30a
05:00
Entzun

Gizonak behin baino gehiagotan mehatxu egin zion andreari, hil egin zuela, eta hala egin zuen azkenean. Mercedes Galdeano Gurrea (60 urte) eta Carlos Galdeano Zudaire (67 urte) senar-emazte izanak ziren, baina bereizita zeuden. Gizonak pentsio bat ordaindu behar zion emakumeari, baina ordaintzeari utzia zion bolada luze batean. Emazteak auzitegira jo zuen, eta epaileak 6.000 euro erretenitu zizkion gizonari. Gizonak eskopeta bat hartu zuen, emakumearengana joan, eta bi tiro eman zizkion; gero bere burua akabatu zuen gizonak. Aiegin gertatu zen, Nafarroan, 2004ko ekainaren 30ean.

Goizez gertatu zen hilketa, 11:00ak aldera. Mercedes Galdeano bizilagun batekin joan zen supermerkatu batera, baina ez zen sartu. Gizona zain zegoen, bere Land Roverrean, eta bi emakumeak etortzen ikusi zituenean, eskopetarekin atera zen, bi emakumeengana joan zen, eta zuzenean tiro egin zion emazte ohiari. Autora itzuli zen gizona, eta han egon zen tarte labur batez; segituan atera zen berriz autotik, eta han eman zion tiro bere buruari, merkataritza guneko aparkalekuan.

Bikotea sei urte lehenago dibortziatu zen. Carlos Galdeanok ez zuen aurrekaririk eta salaketarik bere kontra, baina dibortzioaren sententziak ondorioztatu zuen gizon «zakar eta bortitza» zela. Gertukoen arabera, gizonak tratu txarrak eragin izan zizkion emakumeari, baina sekula ez dira egiaztatu, gizonak bere burua hil zuenez, auzia artxibatu egin zutelako auzitegiek. Hiru seme-alaba zituzten, eta semearen etxean bizi zen emakumea; senar ohiaren beldurrez bizi zen, gertukoen hitzetan.

Emakumeak, bereizi zirenean, ez zuen beste diru sarrerarik, eta bi urtez Nafarroako Gobernuaren errenta oinarrizko bat jaso izan zuen. Auzitara jo zuen emakumeak, senar ohiak pentsio osagarri bat ordain ziezaion. Epaileak erabaki zuen gizonak hilean 300 euro eman behar zizkiola. 

Lizarrako Udaleko Emakumearen Alorreko teknikari zen garai hartan Tere Saez. 1998an ezagutu zuen Mercedes Galdeano, hala kontatu zion BERRIAri: «Senarrak dirurik gabe utzi zuen, eta oinarrizko errenta eskatzera etorri zen. Beldurrez zegoen. Haren seme-alabek argi erran didate gaur gertatu den honen beldur zirela. Salatuz gero, aitak ama hilko zuela argi bazekitela».

Senar ohiak uko egiten zion pentsioa ordaintzeari. Auzitara jo zuen emakumeak, eta epaileak arrazoia eman zion azkenean. Baina Carlos Galdeanok ez zuen banaketa onartu, Saezen arabera: «Ezezkorik onartzen ez zuen horietakoa zen; emakumea bere menpekotzat jotzen zuen».

Aiegiko Udalak hiru eguneko dolua ezarri zuen, eta elkarretaratzeak egin zituzten herrian bertan, Lizarran, eta Iruñean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.