Donostiako metroa

Metroaren obretako azken zuloa orain arteko handiena dela baieztatu du ETSk

Ekainean berriz hasiko dira lanean Mirakontxa-Easo tartean. EH Bilduk esan du segurtasun aldetik «erokeria» bat dela.

Metroaren obretako azken zuloa maiatzaren 7an agertu zen, Kontxako kabinetako forjatuaren azpian. EH BILDU DONOSTIA
Iñaki Agirre Perez.
2021eko maiatzaren 24a
16:47
Entzun

Donostiako metroaren obretako hirugarren zuloa orain arteko handiena dela baieztatu du gaur ETS Euskal Trenbide Sareak, hura agertu eta hamazazpi egunera, obraren jarraipenerako goizeko batzordean. Hain zuzen, EH Bilduk eta ELA sindikatuak aurretik jakinarazitako informazioa berretsi du ETSk: 138 metro kubiko hormigoi erabili dituztela zuloa estaltzeko. Kopuru hori ekainean eta irailean agertutako beste zuloetan erabilitakoa baino lau aldiz handiagoa da, baina, Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendari nagusiak azaldu duenez, ez dago kezkatzeko arrazoirik: «Lasaitasuna; [zuloaren gaineko] eraikinak ez du ez mugimendurik ez minik sufritu. Ez da jabetu». 

Easoren eta Mirakontxaren arteko metroaren ibilbideko obra geldirik egon da irailetik hona, lur azpiko lanetan sorturiko konplikazioek proiektuaren gehiegizko gainkostu bat eragin zutelako. Abenduan, ordea, obraren 2. fase hori eraikitzeko proiektu berria 50,9 milioi eurotan esleitu zion ETSk beste ABEE (Aldi Baterako Enpresa Elkarte) bati, eta ekainean lanei berrekiteko asmoa dutela jakinarazi du Martinez de Cabredok: «Proiektu berria aurrekoa baino ziurragoa da. Poliki joan behar dugu, eta kontrol nahikoa egongo da».

Horiek horrela, ETSk aste honetan sinatuko du obraren kontratua ABEEarekin, eta datorren astean txosten geotekniko berria aurkeztuko dio Kosta Zerbitzuari, lur azpiko lanekin jarraitu ahal izateko.

EH Bilduk obra geldiarazteko eskatu du

EH Bilduren ustez, «dauden arriskuak eta kudeaketa txarra ikusita», ekainean Mirakontxa-Easo tartearen eraikuntza lanak berrabiarazteko erabakia «erokeria» bat da. Eta, goizeko batzordearen osteko agerraldian, Garbiñe Alkiza zinegotziak gogor jo du ETSren aurka horregatik: «Orain arte egindako azterlanak ez badira gai izan horrelako zulo bat detektatzeko, nola esan dezakezue lanak ekainean hasiko direla, ezer gertatuko ez balitz bezala?».

Herritarren eta langileen segurtasuna bermatzeko, «Kontxako eremu osoaren azterketa sakona egin arte» obrak geldiarazteko eskatu du Alkizak, eta, aurreko asteetako ildoari jarraituz, metroarekin loturiko arazoak «ezkutatzeko» borondate bat izatea leporatu dio ETSri; gaineratu du herri lan bat kudeatzeko duen modua «onartezina» dela: «Lehenik eta behin, zuloaren existentzia ezkutatu zenuten, eta, EH Bilduk publiko egin zuenean, garrantzia kentzen saiatu zarete, helburu garbi batekin: ezkutatzeko gaur-gaurkoz ez dagoela lanarekin jarraitzeko segurtasun-berme nahikorik, eta badakizuelako benetako txapuza egiten ari zaretela».

Halaber, Eneko Goia alkateari ere gaurko batzordera joan ez izana leporatu dio EH Bilduk ohar bidez: «Alkateak autokritika egiteko eta gardentasunez jokatzen hasteko eta herritarrei egia esateko aukera galdu du gaur. Gainera, ETSren Batzordea bildu zen azken aldian hartu zuen parte, eta informazio guztia emateko konpromisoa hartu zuen. Oraingoan nahiago izan du bere bulegoan egotea, agerraldia egiten zen osoko bilkuren aretotik metro gutxira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.