Gizon batek emaztea hil zuen atzo Miarritzen, eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak mobilizazioak antolatu ditu hilketa matxista salatzeko. Miarritzen, gaur egingo dute elkarretaratzea, 18:00etan, Udaletxe plazan; Bilbon, bihar 13:30ean izango da, Arriaga plazan; eta Gasteizen, igandean egingo dute mobilizazioa, 13:00etan, Andra Mari Zuriaren plazan. Iruñeko Udaletxe plazan eta Donostiako Bulebarrean, berriz, astelehenean elkartuko dira, 20:00etan eta 19:00etan.
Miarritzeko etxean aurkitu zuten 75 urteko emakumearen gorpua, eta baita 77 urteko gizonezkoarena ere. Prokuradoreak atzo BERRIAri baieztatu zionez, «nahita egindako hilketa» gisa kalifikatu zuten erailketa; gizonezkoak andrea hil, eta bere buruaz beste egin zuen ondoren. Zehazki, Euskal Herrian aurten gertatutako hirugarren hilketa matxista izan da.
Emakumeen Mundu Martxak salatu du indarkeria matxistak ez duela mugarik: «Bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna da, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak bizirauteko eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea». Haren arabera, bortizkeria matxistak «lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala» izaten jarraitzen du. «Bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari gara».
Indarkeria matxistaren aurkako borrokan, beraz, mugimenduko kideek uste dute agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonala eta kolektiboa «ezinbestekoa» dela, eta, hala, herritarrei dei egin diete datozen egunetan egingo dituzte mobilizazioetan parte hartzera, eta autodefentsa feministara batzera. «Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin, borrokan denak aske izan arte!».