Miguel Sanzen ustez, legealdia amaitzea «hilgarria» da

Lehendakari ohiak esan du Barcinari dagokiola azken hitza, baina PSNri «keinu bat» egiteko eskatu du

joxerra senar
Iruñea
2014ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
UPN barruan ez da giro, eta horren neurgailu egokiena Miguel Sanzek jartzen du. UPNren luze gabeko patua Yolanda Barcinari estu lotua dago, eta asteotan sektore kritikoak isiltasuna gorde du. Azken bi egunetan, alderdian pisu handieneko pertsonak, Miguel Sanzek, PSNrekin harreman politikoak berreskuratu beharra azpimarratu du. Azken finean, PSOEk zein PSNk Yolanda Barcinarekin ez dutela hitz egingo jendaurrean esateak hautsak harrotu ditu UPN barruan. Sanzen irudiko, hauteskundeak aurreratu behar dira, «onena delako presidentearentzat, UPNrentzat, eta PSN berarentzat». Sanzek gaineratu du helburu nagusia izan behar duela eragoztea Bilduk «minutu bakar batez ere» eraginik izatea Nafarroan. Haren esanetan, legealdia amaitu arte horrela jarraitzea «hilgarria izango da Nafarroarentzat».

Miguel Sanzek gaztatxoaren teoria berreskuratu nahi du, bi alderdien arteko elkar ulertzeak ziurtatu duelako urteetan UPNk gobernuari zein bestelako botere guneei eutsi ahal izatea. Alderdi sozialistak hatzarekin Barcina seinalatu ostean, Sanzek eskatu dio Barcinari PSNri «keinu bat» egiteko. «PSNrekin egin behar ditugu akordioak, nahitaez, aurrerantzean ere konstituzionalismoak gobernat nahi badugu eta Nafarroa aurrerantzean ere Espainiako autonomia sistemaren barruan erkidego bereizi izatea nahi badugu», esan zuen Sanzek.

Maiz aipatzen da Barcinaren eta Roberto Jimenezen arteko ezinikusi pertsonalean dagoela arazoetako bat. Horri buruz galdetuta, berriz, Sanzen erantzun argigarria: «Ez dakit, eta, jakingo banu ere, ez nuke esango. Ez dakit arazo pertsonalik ba ote den, baina onena litzateke ez egotea».

Dena den, azken hitza Barcinak du: «Hari dagokio erabakitzea bozak aurreratuko diren, hark neurtu behar ditu denborak, eta benetan aztertu Nafarroari komeni zaion erabaki bat edo bestea». Sanzen arabera, ikerketa batzordeak argi utzi du ez dela ustelkeriarik egon eta Lourdes Goikoetxearen jarduera «ezin hobea» izan dela. «Dena den, ematen du zentsura mozioa aurrera doala». Hori ikusirik, alderdi abertzaleek prozesuaren lidergoa hartzea eragotzi behar dela dio.

Barcina: «PSNk sortu du hau»

Yolanda Barcinak atzo goizean hitz egin zuen TVE telebista katean. Haren ustez, PSNk sortu du krisi instituzionala: «PSNko idazkari nagusiak sortu du elur pilota, eta gainerakooi krisia eragin digu». Onartu du bere egoera konplexua dela, baina arduraz jokatzera deitu die gainerako alderdiei. Gobernura iristeko ez da Nafarroaren irudia suntsitu behar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.