Mikel Barrios euskal presoa askatu egin dute eta Baionara iritsi da 13:45ean. Atzo arratsaldean utzi zuten aske, kontrol judizialpean, bere aurkako epaiketa iragan bitartean. Clara Rouget abokatuak azaldu duenez, Barrios libre uzteko instrukzio epaileak hartutako erabakiaren aurka egin zuen prokuradoreak, eta hura bertan behera uzteko eskatu zuen lau ordutara. "Prokuradorearen helegitea aztertu bitartean, aske uzteko erabakia bertan behera utzi ala ez aztertzeko audientzia iragan zen atzo Instrukzio Ganberan, eta prokuradorearen iritziaren kontra, Barrios aske uztea erabaki zuen epaileak", azaldu du Rougetek. Hala ere, heldu den astean beste audientzia bat iraganen da, Barrios aske uzteko prokuradoreak ezarritako helegitea aztertzeko.
Iazko urrian atxilotu zuten Barrios Berlinen (Alemania), eta Osnyko (Frantzia) presondegian zegoen preso gaur arte.
Jende andana Baionan Mikel Barrios euskal presoari ongi etorria emateko @berria@IEHkohitzapic.twitter.com/KQDn30LocU
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) 2018(e)ko urriaren 27(a)
Baionako geltokira iritsi berri da Mikel Barrios @berria@IEHkohitzapic.twitter.com/ieaGhGvhXb
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) 2018(e)ko urriaren 27(a)
Javier Gallaga presoaren anaia, bisitarik gabe
Javier Gallaga Lasarte-Oriako presoaren anaia eta ama pasa den asteazkenean joan ziren Kordobako kartzelara anaia ikusteko. Bisita egin aurretik, ohikoak diren erregistroa eta detektagailua pasatu zituen anaiak, baina are gehiago miatu zuten ondoren. Etxerat-ek salatu duenez, ukitu "iraingarriak" jasan zituen, eta ukatu egin zien funtzionarioei miaketarekin jarraitzea. Ondorioz, anaiarekin bisita egitea debekatu zioten, eta Gallagaren ama soilik sartu ahal izan zen espetxera.
Etxeratek ohartarazi du pertsonarekiko "errespetua eta duintasuna miaketen araudian haintzat hartu" arren, "arinkeriaz eta arau hausteak eginez" aritzen direla kartzeletako langileak, eta halako "umiliazio egoerak ohi baino gehiagotan" gertatzen direla. Halaber, azpimarratu dute Kordobako espetxea "maiz" gertatzen direla halakoak.
800 kilometroko bidaia egin ostean gelditu zen anaia bisitarik gabe. Orain bi aste kaleratu zuen BERRIAk besteak beste Javier Gallaga presoaren senideek urrunketaren eta sakabanakatearen ondorioak nola bizi dituzten.