euskal presoak

Mikel Korta aske utzi dute zigorra beteta

18/98 makrosumarioan auzipetu zuten, Xaki atalaren barruan, eta 2007tik egon da preso. 18/98 auzian auzipetuen bozeramaile izan zen.

Mikel Korta, espetxetik atera denean, 10:30ak inguruan. BERRIA
jon ordonez garmendia
2014ko azaroaren 4a
08:51
Entzun

10:30ean atera da Mansilla de las Mulasko espetxetik (Leon, Espainia) Mikel Korta preso ordiziarra (Gipuzkoa). Atarian zituen zain senide eta lagunak, eta harrera beroa egin diote. Pozik mintzatu da Korta BERRIArekin: "Oso une hunkigarria izan da". Berez, abenduaren 12an atera behar zuen espetxetik, baina baldintzapean aske izan zen urteetan sinatzera joan behar izanaren ondorioz, bost astez murriztu diote espetxe zigorra.

Mikel Korta ordiziarra 2000. urteko urtarrilean atxilotu zuten lehendabizikoz, Poliziaren arabera, Xaki-ren aurkakoa zen operazioan. Harekin batera, Jose Ramon Antxia, Sabin del Bado, María del Rosario Buñuel, Miriam Campos, Mikel Gotzon Resa, Gorka Martinez eta Iñigo Elkoro atxilotzeko agindu zuen Baltasar Garzon epaileak.

Orduan, sei hilabete eman zituen preso Kortak, uztailean baldintzapean aske atera zen arte. 19/98 auziko epaiketa 2005ean hasi zen, eta 2006an deklaratu zuen Kortak. Operazio berean atxilotatuko beste guztiek bezala, ukatu egin zuen Xakiko kide izan zela, eta nazioartean Euskal Herriko egoeraren berri ematen zutela azaldu zuen; beti HBren edo Batasunaren izenean aritu zirela ziurtatu zuten. 

Hala ere, Auzitegi Nazionalak 2007an espetxera zigortu zituen Korta eta besteak, 18/98 makrosumarioko epaian. Ekin eta Xaki ETAren "bihotza" zirela argudiatu zuen epaian. Zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion Kortari, eta atxilotu egin zuten berriro, zigorra betetzeko, beste auzipetu guztiekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.